HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2019 // 06 // 25 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Fisioterapeutek dantza gomendatzen dute jarduera fisiko osasungarri eta arrisku txikiko gisa

Ekainean, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan, dantzari buruzko gomendioak jasotzen dira, jardueraz lesionatu gabe gozatu ahal izateko

Fisioterapeutek gogorarazten dute jarduera hasi aurretik oso garrantzitsua dela berotzea, gorputza pixkanaka presta dadin, gutxiagotik gehiagora

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) dantza egitea gomendatzen du (estilo guztietan) aktibo mantentzeko modu osasungarri eta dibertigarri gisa, lesioak sufritzeko arrisku handirik izan gabe.

Horixe azaltzen da Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren (EFEO) ekaineko bideo-aholkuan, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan. Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin elkarlanean gauzatzen du kanpaina hori EFEOk, eta ekaineko gaia dantza da, jardueraz lesionatzeko arriskurik gabe gozatzeko gomendioekin: https://www.youtube.com/watch?v=k6uPjsgpAc8

Klipean, fisioterapeutek gomendatzen dute jarduera egiten hasi aurretik berotzea, gorputza pixkanaka presta dadin, gutxiagotik gehiagora. “Dantzan hasi aurretik mugimendu arin batzuk egiten baditugu, muskuluak eta artikulazioak jarduerarako prestatuko ditugu, eta, horrela, izan litezkeen lesioak saihestu”, azaldu du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoko presidenteorde June Ruizek.

Horrez gain, fisioterapeutek gomendatzen dute arropa eta oinetako egokiak erabiltzea, “izan ere, modalitate bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ekipamendu egokia eramatea onuragarria da batetik, lesioak ekiditeko, eta bestetik, teknika errazago hobetzeko eta arinago aurreratzeko”, gehitu du Ruizek.

Zentzu horretan, fisioterapeutek bideo-aholkuan adierazten duten bezala, kontzentrazioa eta prestakuntza fisikoa ere ezinbestekoak dira dantzan; izan ere, aurreratzeko gorputza prestatu behar da, kirol gogorra baita, eta diziplinaren arabera egoera eta prestakuntza fisiko handiagoa edo txikiagoa beharko da.

“Aintzat hartu behar dugu, halaber, dantza, oro har, beste batzuekin zuzenean edo zeharka elkarri eragiteko jarduera bat dela. Hortaz, besteen espazioa errespetatzea ezinbestekoa da inori eragozpenik ez sortzeko. Era berean, ez dugu dantza egingo eror daitezkeen edo beste dantzariak kolpatu ditzaketen objektuekin”, esan du Ruizek.

Azkenik, gomendatzen dute fisioterapeutaren kontsultara joatea, arazo edo molestiaren bat badaukagu, baina baita gorputzaren prestakuntzari laguntzeko ere. Izan ere, “koreografiak ikastea oso garrantzitsua da, baina baita gorputza zaintzea ere”, esan du amaitzeko.

Berrietara itzultzea