HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2019 // 03 // 25 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Astean bitan ariketa terapeutikoa egitea da mendiko trail baterako prestatzeko modurik onena

Martxoko ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainan, mendiko kirola, esaterako trail-a, egiteko gomendioak izango dira ardatz

Euskadiko fisioterapeutek lasterketaren aurretik luzaketa eta beroketa egokiak egitea gomendatzen dute, eta aldez aurretik prestatzeko zenbait ariketa egitea, lesioak ekiditeko

Gutxienez astean bitan ariketa terapeutikoa egitea da sasoian mantentzeko eta mendiko trail bat egiteko prest egoteko modurik onena. Hala adierazi du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) bere ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren barnean egin duen martxoko bideo-gomendioan.

Hori da fisioterapeuten hainbat elkargok (Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak, Madrilgo Komunitateko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak) martxoko bideo-gomendioan emandako iradokizunetako bat, bideoan mendiko kirolak egitean kontuan hartu beharreko gomendio erabilgarrienetako batzuk ematen baitituzte: https://www.youtube.com/watch?v=2uzxZr3BhiU

Udaberriarekin eta eguraldi onarekin batera, aire zabaleko kirolek indarra hartzen dute. Hori da mendiko trailaren kasua. Kirol hori, fisioterapeuten hitzetan, exijentzia handikoa da, hala behar den arroparengatik nola elikadurarengatik, baina, batez ere, behar den prestaketa fisikoagatik. Hori dela eta, funtsezkoa da aldez aurretik prestaketa txiki bat egitea, lasterketa hankaz gora jar dezaketen lesioak saihesteko.

Zehazki, mendiko trailean, maldak egoten direnez eta zorua oro har lurrezkoa eta haitzezkoa izaten denez, artikulazioek jasan behar dute gure gorputzaren pisu guztia. Horrenbestez, horiek dira gehien babestu eta indartu behar ditugun gorputzeko zatiak, prestaketarako ariketa terapeutikoen bidez. “Muskuluak eta artikulazioak ondo berotzeaz eta beharrezko luzatze-ariketak egiteaz gain, komenigarria da beheko gorputz-adarren eta bizkarraren propiozepzioa lantzea. Horretarako, oreka lantzea gomendatzen da, bosu baten gainean ariketak eginez hanka batekin eta bestearekin, baita fit-ball batean oreka-serieak egitea ere, eserita, belauniko eta plantxan”, adierazi du EFEOko presidenteorde June Ruizek.

Horrez gain, bideoan ikus daitekeenez, fisioterapeutek garrantzi handia ematen diote corea lantzeari, muskulu abdominalak indartzeko. Ildo horretan, gure helburua lortzeko oso baliagarria da plantxa dinamikoak eta hanka eta besoak konbinatzen dituzten ariketak egitea, minutu bateko serieetan eta hogeita hamar segundoko atsedenaldiekin.

Berrietara itzultzea