HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2017 // 10 // 24 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek gogorarazi dutenez, ariketa fisikoa funtsezkoa da artritisaren, diabetesaren eta arnas-gaixotasunen tratamendurako

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren esanetan, ariketa fisikoa garrantzi handi-handikoa da mina zein gaixotasun kardiakoak, afekzio neurologikoak eta istripu kardiobaskularrak prebenitzeko ere

Pazienteak suspertze-prozesuan parte hartzea funtsezkoa da tratamenduaren arrakasta baloratzerakoan, baina ezinbestekoa da profesional sanitario batek gidatuta egitea

Euskal fisioterapeutek bideo berri bat zabaldu dute “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” delako kanpainaren barruan, ariketa fisikoak osasuna hobetzeko eta bizitzako etapa guztietan bizimodu osasungarria egiteko duen garrantzia nabarmentzeko asmoz. Fisioterapeuten esanetan, ariketa fisikoa funtsezkoa da diabetesa, artritisa, arnas-gaixotasun kronikoak eta afekzio neurologikoak bezalako gaixotasunen tratamendurako, baldin eta profesional sanitarioek planifikatuta eta gainbegiratuta egiten bada. Kasu hauetan, ariketa fisikoa patologia edo lesio baten tratamenduari atxikita dagoenean, ariketa terapeutikoa deritzogu.

Bideo berri honek argi eta garbi adierazten ditu ariketa terapeutikoaren onurak, artritisa, diabetesa eta arnas-gaixotasunak bezalako patologien tratamenduan, eta aurreko hilabeteetan bezalaxe, Madril, Katalunia, Galizia eta Nafarroako Elkargoekin batera landu da. “Denok bat eginda gaude gure ekidegoetako herritarrei informazioa eta osasun-gomendio onak emateko helburuan”, nabarmendu du June Ruiz Orcajo Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko (EFEO) presidenteordeak.

Ariketa fisikoa mina prebenitzeko

Hartara, euskal fisioterapeutek gogorarazi dutenez, diziplina honetan, ariketa terapeutikoa guztiz mesedegarria eta eraginkorra da artritisa, diabetesa eta arnas-gaixotasunak bezalako gaitzen tratamendua lantzeko, eta horrekin batera, mina prebenitzen eta gaixotasun kardiakoei, afekzio neurologikoei eta istripu kardiobaskularrei aurre egiten laguntzen du. Horretarako, fisioterapiako profesionalak ariketa terapeutiko seguru eta espezializatuko programez baliatzen dira, pazienteei gomendiorik egokienak eskaintzeko asmoz.

EFEOtik argi utzi nahi dute ariketa terapeutikoa fisioterapiako jardunari dagozkion eskumen nagusietako bat dela, izan ere, profesional hauek mugimenduko eta funtzionalitateko arazoen azterketan eta tratamenduan espezializatuta daude. Ondorioz, ariketa terapeutikoa fisioterapeuta batek zuzendu behar du, hari dagokiolako pazienteari aholkularitza eta laguntza ematea, susperraldia bizkortu eta ohitura okerrak saihets ditzan. Ruiz Orcajok gaineratu duenez, “aholkularitza eta ezagutza eskainiko dizkigun profesional sanitario baten laguntza bezain funtsezkoa da pazientea prozesuan inplikatzea, susperraldia bizkortu eta ohitura gaiztoak baztertu ahal izateko”.

Ildo horretan, June Ruiz Orcajok gogoratu du “fisioterapia dela horrelako lesioetatik suspertzeko tresnarik eraginkorrena literatura zientifikoaren arabera, baina nolanahi ere, kontuan izan behar dugu une oro tratamenduaren arrakasta estu-estu lotuta dagoela pazienteak prozesuan duen inplikazioarekin”.

Gainera, fisioterapeutak mugimenduan eta ariketa fisikoan trebatutako osasun arloko profesionalak diren aldetik, erregulartasunez egindako kirolaren eta jarduera fisikoaren garrantzia gizartean ulertarazten laguntzen dute, bereziki gazteen eta adinekoen artean, guztion bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” delako kanpaina Madril, Katalunia, Euskadi, Nafarroa eta Galiziako Fisioterapeuten Elkargoen ekimena da. Honen helburua, behar ez bezalako gorputz-jarrerek eragindako lesioak prebenitzea da, eta horretarako, herritarrei zuzendutako animaziozko film laburrak zabaltzen dira hilabetero, hainbat euskarriren bitartez, sare sozialak eta komunikabideak barne.

Berrietara itzultzea