HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2015 // 07 // 24 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Turista klasearen sindromea pairatzeko arriskua %20 gehitzen da bi orduro

Horrela deritzo bidaietan beheko gorputz-adarretan gertatzen den tronboen eraketari. Bidaia luzeak hanken mugikortasuna murrizten duten esparru estuetan egiten direnean gertatu ohi da

Hauek dira sindromea pairatzeko aukera gehien duten kolektiboak: haurdunak, ahozko antisorgailuak hartzen dituzten emakumeak, pertsona obesoak, adinekoak, erretzaileak eta hipertentsioa duten pertsonak edo aurretiaz tronbosiren bat izan dutenak

Euskadiko fisioterapeutek, Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako fisioterapeutekin batera, sindrome honen prebentzioari eskaini diote uztaileko bideokontseilua

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak (CPFCM), Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak eta Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak “turista klasearen sindromearen” prebentzioari eskaini diote “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren uztaileko bideokontseilua, bereziki gogoan hartuta sindrome horren prebalentzia % 20 gehitzen dela bidaian bi ordu egiten den aldiro.

Bideokontseiluaren bitartez, euskal fisioterapeutek argi utzi dute sindrome honek tronboak sorrarazten dituela beheko gorputz-adarretan, bidaia luzeak hanken mugikortasuna murrizten duten esparru estuetan egiten direnean. Hauexek dira sindrome hau pairatzeko aukera gehien duten kolektiboak: haurdunak, ahozko antisorgailuak hartzen dituzten emakumeak, pertsona obesoak, adinekoak, erretzaileak eta hipertentsioa duten pertsonak edo aurretiaz tronbosiren bat izan dutenak.

Sindrome hau ez da ohikoa arrisku-faktorerik ez duten pertsonengan, hauen arteko prebalentzia % 1etik beherakoa baita, baina arrisku-faktoreak dituzten pertsonen kasuan, patologia hau izateko arriskua % 4 edo 5 areagotu ohi da. Kasu hauetan, fisioterapeutek medikuarenera joatea gomendatzen dute, bidaian antikoagulatzaileren bat hartzeko aukera azter dezan.

Jon Herrero EFEOko presidenteak adierazi duenez, hau hegazkinetan hankak mugitzeko dagoen toki murritzaren ondorioz gertatzen da. “Bidaia luzea baldin bada, hanketako zainetan gertatzen den odol-metaketak koagulua eragin dezake, eta normalean berez diluitzen bada ere, bere horretan mantentzeko edo diluitu gabe zirkulaziora askatzeko aukera dago, birikako enbolia eragiteko arriskuarekin. Arnasketa-zailtasunak, takikardia, bularraldeko mina eta, zenbait kasutan, konortearen galera dira birikako enboliaren sintomarik ohikoenak”.

“Turistaren sindromea” saihesteko gomendioak

Hauexek dira euskal fisioterapeutek bidaia luzeetarako, bereziki hegazkinez egin behar izanez gero, zabaldu dituten gomendioak:

• Arropa eroso eta zabala erabili, arropa estuak baztertuz

• Gerrikoa eta kordoiak laxatu, estututa badamatzazu

• Oinetako erosoak erabili

• Konpresio-galtzerdiak erabili, behar izanez gero

• Bidaian, eserlekutik jaiki noizean behin ibilaldi laburrak egiteko. Bidaia autoz edo autobusez eginez gero, 2 orduz behin geldialdiak egitea komeni da, eta tarte horiek ere ibiltzeko aprobetxa daitezke

• Eserlekuan zaudela, flexo-estentsioko ariketak egin oinekin eta mugimendu biribilak orkatilekin, baita goranzko masaje mugimenduak hanketan

• Ez gurutzatu hankak, ez utzi zintzilik eta ez eraman tolestuegi

• Ez jarri esku-ekipajea aurreko eserlekuaren azpian, honek lekua murriztuko baitizu

• Ez hartu alkohola, tea, kafea eta eragin diuretiko edota hodi-zabaltzailea izan dezaketen bestelako bizigarriak. Ura erruz edatea komeni da hidratatuta egoteko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Autonomia Erkidegoko 2.000 elkargokide baino gehiago biltzen ditu dagoeneko, eta bideokontseilue kanpaina honen bitartez, balizko patologiak prebenitzen eta bizi-kalitate hobea sustatzen lagundu nahi du. Kanpaina hau eta euskal fisioterapeuten gainerako ekimenak www.cofpv.org webgune berrian kontsulta daitezke.

Berrietara itzultzea