MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Linfedema patologia kroniko progresibo bat da, bularreko minbiziaren ostean gongoilak erauztearen eta erradioterapia-tratamendua jasotzearen ondoriozkoa.
Bularreko Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, zeina urtero urrian izaten baita, aurtengo ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak linfedemaren tratamendua eta prebentzioa izango ditu ardatz
Bularreko minbizia igaro ostean fisioterapeuta espezializatu batengana jo eta ariketen programa progresibo bat eginez gero, exazerbazioen intzidentzia murrizten da, sintomak gutxitzen dira eta muskuluak indarberritzen dira
Fisioterapeuta espezializatu batengana jotzea, kontrol medikoa egitea eta ariketen programa progresibo eta landu bati jarraitzea ezinbestekoa da linfedemaren sintomak gutxitzeko, linfedemaren agerraldia prebenitzeko eta lehenengo zantzuak detektatzeko. Linfedema patologia kroniko progresibo bat da, eta bularreko minbiziaren ostean gongoilak erauzi eta erradioterapia-tratamendua jasotzearen ondorioz agertu ohi da.
Horregatik, ebakuntza kirurgikoaren edo erradioterapia-saioen ondoren behar bezala suspertu ahal izateko, funtsezkoa da jarraipen eta kontrol medikoa egitea eta fisioterapeuta espezialista batekin patologia garaiz tratatzea (mobilizazioekin, orbainen tratamenduarekin eta eskuzko drainatze linfatikoarekin); horrez gain, garrantzitsua da pazienteak bere egoera fisikoari dagokionez igartzen duen aldaketa ororen berri ematea (hantura, bolumena, gorritasuna, beroa, gogordura edo inurridura).
Horixe azpimarratu dute Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Andaluziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak. Haiek guztiek, Bularreko Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, linfedemaren prebentzioa izan dute ardatz urriko bideo-gomendioan: https://www.youtube.com/watch?v=KWlfqNb9i9c
American Cancer Societyk adierazi duenez (bideo-gomendioan aipatzen diren erreferentziazko erakundeetako bat da), linfedemaren larritasuna edo intzidentzia ez areagotzeko, lagungarria da entrenamendu aerobikoa eta indarraren entrenamendua egitea astean gutxienez 150 minutuz intentsitate moderatuarekin eta 75 minutuz intentsitate handiarekin; lagungarria da, halaber, pisuak erabiltzea goialdeko gorputz-adarrak indartzeko, ariketa-programa progresibo baten bidez. Horrek guztiak exazerbazioen intzidentzia murrizten du, sintomak gutxitzen ditu eta muskuluak indarberritzen ditu.
Bideo-gomendioan, era berean, Harvardeko Unibertsitateak bularreko minbiziaren tratamenduak jasotzen ari ziren eta linfedema izateko arriskuan zeuden pazienteei 24 hilabetean egin zien jarraipenarekin lotutako azterlana nabarmentzen da. Azterlan horrek agerian jartzen du gongoil linfatikoak erauzi edo irradiatu dizkieten pertsona guztiek linfedema izateko arriskua dutela; arrisku hori, gainera, are handiagoa da baldin eta pertsona horrek infekzio bat izaten badu ebakuntza egin dioten aldean edo gorputz-masaren indizea handitzen bazaio.
Alde horretatik, euskal fisioterapeutek gogorarazten dute pisua eta infekzioak kontrolatzea behar-beharrezkoa dela kasu hauetan. Diotenez, gomendagarria da egunero higienea zaintzea eta hidratatzea eta ariketa fisiko pertsonalizatu eta segurua egitea, betiere fisioterapeuta espezializatu baten kontrolpean.