MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Hil honetan, ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren barruan, erakutsi nahi da lanpostuan postura egokia hartzea oso garrantzitsua dela hezur eta muskuluetako lesiorik ez izateko.
Deiak egitean telefonoari sorbaldarekin eustea eta ordenagailuko pantaila distantzia desegoki batera edukitzea dira ohitura txar nagusiak eta laneko gure higiene posturalerako kaltegarrienak.
Zortzi orduz baino gehiagoz ordenagailuko pantailaren aurrean lan egiten dutenen % 75ek hezur eta muskuluetako arazoren bat izan ohi dute, lanean okerrak egiten dituztelako edo lanpostua egokitu gabe dutelako. Hain zuzen ere, gidatzean, atseden hartzean edo bulegoan (egunaren zati handiena ematen dugun lekuan) jarrera txarrak edukitzea eta behin eta berriz hartzea da hezur eta muskuluetako lesio gehien eragiten duten arazo ohikoenetako bat.
Hori dela eta, eta “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bitartez, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), bere Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Andaluziako, Valentziako eta Kantabriako homologoekin batera, laneko osasunari buruzko gomendioak eman ditu, eta herritarrei jakinarazi nahi die garrantzitsua dela lanean ohitura onei eustea, lesiorik ez izateko.
Laneko higiene posturalaren ohiko akatsak
Fisioterapeutek lanpostuan egiten ditugun akatsik ohikoenetako batzuez ohartarazi digute: esate baterako, deiak egitean telefonoari sorbaldarekin eustea, eta ordenagailuko pantaila distantzia desegoki batera, altuegi edo biraketa-angelu okerrean edukitzea.
“Horrez gain, geure buruari kalte egin diezaiokegu baldin eta aulkiaren ertzean esertzen bagara gerrialdea oker kurbatua dugula eta bizkarraldean bermatu gabe, hanka bat bestearen gainean gurutzatzen badugu eta eserita gauden bitartean jarrera estatikoa mantentzen badugu, atsedenik hartu gabe eta jarrera aldatu gabe”, azaldu du EFEOko presidenteordeak, June Ruizek.
Ohitura txar horien ondorioz lesiorik izan ez izateko, komeni da fisioterapeuta batengana jotzea, lanean egunero egiteko moduko ariketa terapeutikoak agindu diezazkigun. “Ariketa errazak dira, eta helburu bikoitza dute: luzaketen bitartez muskuluak erlaxatzea eta luzaroan jarrera bera mantentzearen ondorioz atrofiatuta dagoen aldea indartzea”, gehitu du June Ruizek.
Nola eutsi ergonomia egokiari ordenagailu aurrean
Bestalde, fisioterapeutek lanean ergonomia egokiari eustea gomendatzen dute laneko jarrera okerren ondorioz lesiorik ez izateko: “langile bakoitzak rol aktiboa izan behar du, jarrera onen garrantziaz jabetu behar du eta bere laneko osasunaz arduratu behar du”, esan du Ruizek.
Zehazki, garrantzitsua da ordenagailuko pantaila justu langilearen parean kokatzea, mahaiko ordenagailuarekin lan egiten bada. “Ordenagailu eramangarria erabiltzen bada, komeni da aparteko teklatu bat erabiltzea eta pantaila goratuta kokatzea, eta distantzia gordetzea, pantaila finkoa balitz bezala”, argitu du Ruizek.
Kontuan hartu beharreko beste elementuetako bat sagua da; ergonomia egokia lortzeko moldatzen zailenak diren osagarrietako bat da, eskuak aldakortasun antropometriko oso handia duelako. Fisioterapeuten hitzetan, eskumuturrean lesiorik izan ez dezagun (eta lesio horiek besoraino zabal daitezke) komeni da kuxin bat erabiltzea eta sagua harigabea izatea. Teklatua, bestalde, mahai gainean bermatuta jarri behar da, eskumuturra posizio neutro batean egon dadin. Gainera, gomendagarria da ordenagailuaren mahaia garaiera jakin batean egotea, halako moldez non langilea ukondoak 90 gradu baino gehiago tolestu behar izan gabe eserita egon ahal izango den.
Azkenik, funtsezkoa da laneko aulkiari garaiera aldatu ahal izatea, baita bizkarraldearen nahiz jarlekuaren makurdura ere. Hala, “bizkarraldean gerrialdea bermatu beharko genuke, eta belaunak eta aldakak 90 graduko angeluan jartzeko modua emango duen garaieran jarri beharko genuke eserlekua", nabarmendu du Jone Ruizek. Gogorarazi du, halaber, aulkia ez dela luzaroegi erabili behar eta atsedenaldiak hartu behar direla gorputza mugitzeko eta postura desberdinak txandakatzeko, langilea modu dinamikoan egon dadin eserita.