HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2018 // 02 // 23 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskadiko fisioterapeutek bideo bat egin dute, fisioterapiak biriketako edo bihotzeko transplanteak izan dituzten pazienteetan duen garrantzia erakusteko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), datorren otsailaren 26an (astelehena) Transplantearen Egun Nazionala dela eta, fisioterapeuten balioa aldarrikatu nahi du

Bideoa “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan egin dute; kanpaina horren xedea da herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea

Tratamendu fisioterapeutikoak transplante bat izan duten pazienteen prestaketa eta berreskurapena errazten du, bereziki biriketako eta bihotzeko transplanteen kasuan; halakoetan, arnas fisioterapia oso garrantzitsua da. Hala azaldu dute Euskadiko fisioterapeutek Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Valentziako eta Galiziako elkargoekin batera gauzatzen ari diren “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barneko otsaileko bideogomendioan.

Otsailaren 26an Transplantearen Egun Nazionala izango da eta fisioterapia funtsezko diziplina da, besteak beste, edozein motatako transplanteak egiten dizkieten pazienteen prestaketa- eta berreskuratze-prozesuetan; izan ere, behar-beharrezkoa da tratamenduan ahalik eta emaitza onenak lortzeko.

Hori horrela, Euskadiko fisioterapeutek gogorarazi nahi izan dute arnas fisioterapia funtsezkoa dela biriketako eta bihotzeko transplanteetan, jariakinak desagerrarazteko eta arnas dinamika ondo ikasteko. Horrez gain, EFEOko presidenteorde June Ruíz Orcajok azaldu duenez, “berreziketa funtzionaleko programak oso garrantzitsuak dira jarrera-lana, tonu muskularra berrorekatzeko lana eta konpentsazio muskuloeskeletikoen eta minaren kontrola hobetzeko”.

Ruíz Orcajoren hitzetan, “fisioterapeuta gai da bere esku dituen bitarteko guztiak erabiliz arnas heziketa egokia lortzeko eta pazienteari baldintza funtzional egokiak emateko, bere organo berriak erabiltzeko prest egon dadin eta arnas mekanikan konplikaziorik sor ez dadin”.

Transplante bat izan duten pazienteen arazo nagusietako bat izaten da muskulua galtzen dutela berreskuratze-fasean. Hori gerta ez dadin, beharrezkoa da ariketa fisikoa egitea, betiere kontrolatuta eta pixkanaka hasita.

Fisioterapeutak, pazientearen balorazio indibiduala egin ostean, dagozkion fisioterapia-teknikak egokitzen ditu. Teknika horiek izan daitezke mobilizazio suabeak, masoterapia, ariketa terapeutikoak, termoterapia, etab.

Kirola, aurrera egiteko

Horrez gain, transplante bat izan duten pazienteek kirola egiteko ohitura hartu behar dute; ezin dute bizitza sedentarioa eduki. Adituak dagokion balorazioa eta esfortzu-proba egin ondoren, fisioterapeutak pazientearen jarduerak egokitzen ditu, haren aukeren eta tolerantzia-mailen arabera.

“Kontaktu-kirolak saihestu egin behar dira, kalteak eragin ditzaketelako, baina, oro har, inpaktu txikiko kirola egiteak onura asko dakartza organoaren funtzionamendu egokirako: immunodepresoreen, kolesterolaren eta triglizeridoen eragin kaltegarriak murrizten ditu, besteak beste”, azaldu du June Ruíz Orcajok. Gogorarazi du, halaber, kirolak beste zeinbat onura ere badituela maila emozionalean; esaterako, estresa, antsietatea eta min-sentsazioa murrizten ditu, eta sintoma horiek guztiak ohikoak izaten dira halako operazio bat izan duten pazienteengan.

Igeriketa, golfa eta txirrindularitza dira, besteak beste, pertsona horiei gehien gomendatzen zaizkien kirolak. Bestetik, “garrantzitsua da gutxienez urtean behin espezialistarengana joatea, azterketa bat egiteko, eta kirol-jarduerak fisioterapeutaren gomendioetara egokitzea”, esan du, amaitzeko, Euskadiko fisioterapeuten arduradunak.

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainan parte hartzen dute Euskadiko, Madrilgo, Kataluniako, Valentziako eta Galiziako fisioterapeuten elkargo ofizialek. Helburu gisa du jarrera-ohitura txarrek sortutako lesioak aurreikustea, herritarrak horren inguruan kontzientziatuz. Horretarako, animazioko film labur batzuk egin dituzte eta hilean bat argitaratzen dute hainbat euskarriren bidez (sare sozialak eta hedabideak, besteak beste).

Berrietara itzultzea