MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko profesionalek adierazi dutenez, keinu horrek giltzadura, lotailu eta tendoien higadura eragin dezake, inongo beharrik gabe
Artikulazioak zaintzeko, askotariko dieta eta aldizka ariketa fisikoa egin behar da, gehiegizko pisua saihesteko
Euskal fisioterapeutek ohartarazi dutenez, atzamarrak edo beste artikulazio batzuk klaskatzea kaltegarria da gerora begira, keinu horrek beharrik gabeko higadura eragiten baitie artikulazioei nahiz inguruko lotailu eta tendoiei. Hauxe da Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako elkargoekin batera eta “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan landu duen aurtengo bigarren bideo-kontseilua.
June Ruíz Orcajo EFEOko presidenteordeak adierazi duenez, artikulazioen inguruan, zenbait likidoz eta oxigenoa, nitrogenoa eta karbono-dioxidoa bezalako gasez betetako kapsula sinobiala dago, eta honen zeregin nagusia artikulazioak ondo lubrifikatzea da, hezurretan higadurarik gerta ez dadin.
“Klaska egiterakoan, artikulazioari eragiten zaion posizioaren ondorioz, hezurren arteko hutsunea eta kapsula sinobialaren bolumena handitu egiten dira, presio baxuko gune bat sortuz. Gune horretan, gasak likido sinobialetik atera eta burbuiletan lehertzen dira, klaskaren soinu bereizgarria eraginez”, azaldu du.
Ondorioz, “klaska hori geuk eragiten baldin badugu, artikulazio hori behar baino gehiago mobilizatzen ari gara, nolabaiteko desoreka sortuz da. Desoreka horren haritik, gero eta klaska gehiago egiteko premia sumatuko dugu, eta epe laburrean nolabaiteko liberazioa antzeman arren, epe luzera ohitura horrek hainbat arazo sorraraziko ditu artikulazioan”.
Nolanahi ere, Ruíz Orcajok argi utzi nahi izan du, klaska hori profesional kualifikatu batek tratamendu baten barruan eragindakoa baldin bada, horren bidez zurrundutako alde baten mugimendu-ahalmena areagotzen ari dela, mugimendu handieneko eta txikieneko aldeen arteko oreka sustatuz, eta kasu horretan onuragarria dela.
Horrez gain, gorputzaren ezaugarriek artikulazioetako klaskak errazten dituztenean, profesional sanitario batengana jotzea gomendatu du, balizko desoreka artikular edo muskular baten ondorioa ote den balora dezan.
Nola zaindu artikulazioak
Giltzadurak zaintzeko, euskal fisioterapeutek askotariko dieta egitea gomendatu dute, eta dieta horretan arreta berezia egitea esnekiei (hezurrak indartzeko, nagusiki), proteinei (giharrak sendotzeko) eta A, C eta D bitaminei.
Era berean, aldizka kirola egitea gomendatu dute, baina jarduera fisiko horren intentsitateak norberaren adinaren eta egoera fisikoaren araberakoa izan behar du. EFEOko presidenteordearen esanetan, “tonu muskular ona izateak artikulazioek pairatu beharreko trakzioak eta konpresioak hobeto banatu eta giltzadurretako mina eta zurruntasuna saihesten ditu”.
Gehiegizko pisua ekiditea ere gomendatu du, gehiegizko pisuak areagotu egiten baitu gorputzak artikulazioei eragindako presioa, higadura bizkortuz. Tabakoak eta alkohol gehiegi hartzeak giltzaduretako mikro-zirkulazioari eragiten diote, hezurren nahiz artikulazioen higadura erraztuz, eta alkoholaren kasuan, muskuluak deshidratatzen dizkigu, beste hainbat efekturen artean.
Azkenik, erorikoak izateko arriskua murriztearen garrantzia nabarmendu du, norberaren ahalbideak gainditzen dituzten ahaleginak baztertuz, baita behar bezala atseden hartu eta une oro gorputz-jarrera egokia mantentzeko premia ere, lanean, irakurtzean nahiz atseden hartzean.