HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2018 // 08 // 21 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek gomendatzen dute ibilaldi luzeetan luzamenduak eta geldialdi sarriak egitea eta ur asko edatea

Hil honetan, ‘12 hilabete, 12 osasun-aholku’ kanpainaren barruan, ibilaldi luzeak egitean lesiorik ez izateko aintzat hartu behar diren neurriei buruzko gomendioak eman dituzte

Euskal fisioterapeutek asko jota 10 kiloko motxilak eramatea gomendatzen diete Donejakue bideko erromesei

Ibilaldi luze bat egin aurretik, hala nola Donejakue bidean doazen erromesek egiten dutena, komeni da gomendio batzuk aintzat hartzea. Euskal fisioterapeuten esanetan, ibilaldi luzeak egitean lesiorik ez izateko, funtsezkoa da motxila erosoak, euritarako egokiak, arinak eta moldagarriak erabiltzea, deskargarako gerrikoak eta gerrialdeari eusten dioten zintak dituztenak eta gehienez ere 10 kilokoak.

Hain zuzen, muskuluek gehiegizko esfortzua egiten dutenean lesiorik ez izateko lagungarriak izan daitezke zenbait gomendio; esate baterako, aldez aurretik prestaketa fisikoa egitea, hau da, hanketako, bizkarreko eta lepoko muskuluak indartzeko eta luzatzeko ariketak egitea –muskulu horiek izaten dute eragin handiena horrelako jardueretan–.

Ildo horretatik, fisioterapeutek gomendatzen dute etapak garaiz antolatzea (luzera eta ibilbidea aztertuz), gertuko aterpeak libre dauden begiratzea, eguraldiaren aurreikuspena kontsultatzea (ekipamendua beroaren edo hotzaren arabera egokitzeko) eta aurrez entrenamendu bat egitea pasiera txikiekin.

“Hasteko, pasiera laburrak egin ditzakegu distantzia handiagoetara ohitzen joateko, eta mendiguneetara joan gaitezke eremu menditsuetako igoera eta jaitsietara ohitzeko; horrek neurri handi batean lagunduko digu etapa bakoitzerako antolatzen ditugun distantziei eusten”, azaldu du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteorde June Ruizek.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Andaluziako, Valentziako Erkidegoko eta Kantabriako fisioterapeutekin batera, besteak beste gomendio hori eman du abuztuko bideoan, non ibilaldi luzeei eta lesiorik ez izateko beharrezko neurriei buruzko gomendioak ematen baititu: https://www.youtube.com/watch?v=iT659Luk9w0.

Ibilaldirako gomendioak

Fisioterapeutek gomendatzen dutenez, etapari ekin aurretik luzamenduak egin behar dira geroagoko etapetan lesiorik ez izateko egunero, oinez gehienez 25-30 kilometro egin behar dira, eta bizikletan, berriz, gehienez 60-100 .

Zehazki, komeni da muskulu bikiak luzatzea: “Eskuak paretaren kontra ditugula jarri behar dugu, eta oinazpia pixkanaka bermatu harik eta belaunaren atzealdean tentsioa igartzen dugun arte”, esan du June Ruizek. Horrez gain, izterraren aurrealdea eta atzealdea (koadrizepsak eta iskiotibialak) luzatzea ere gomendatzen du.

Fisioterapeuten hitzetan, oina lurrean oker bermatzen denean, batik bat lur gorabeheratsuan edo maldan, tendinitisa (muskuluen uzkurdura) eta orkatilako bihurrituak izaten dira lesiorik ohikoenak.

Gainera, ezinbestekoa da ibilaldiari astiro eta pauso erritmikoarekin ekitea (gorputzari berotzeko denbora nahikoa emateko), ordubetean edo bi orduan behin geldialdiak egitea eta abiada eroso eta jarraitua mantentzea, esfortzurik gabe hitz egin ahal izateko modukoa”.

Bestalde, fisioterapeutek gomendatzen dutenez, etapan zehar egiten diren geldialdiak aprobetxatu behar dira behar bezala hidratatzeko eta oinak zaintzeko. Ibilaldian zehar, ura etengabe edan behar dugu 40 bat minututik behin, baina hala ere komenigarria da hidrataziori denbora gehiago ematea eta indarberritzen lagunduko diguten elikagaiak jatea, hala nola fruitu lehorrak, fruta eta txokolatea.

Geldialdietan, “garrantzitsua da oinetakoak lasaitzea eta oinak altueran jartzea, eta, ahal bada, oinak iturri edo ibairen batean freskatzea. Hori bai, gero lehortu egin behar ditugu beti, babarik eta bestelako arazorik ez sortzeko; adibidez, atleta-oin ezaguna, oinetan pitzadurak sorrarazten dituena”, gehitu du Ruizek.

Azkenik, euskal fisioterapeutek gomendatzen dute bidaia egin aurretik eta ondoren kontsultara jotzea, aldez aurreko lesiorik ez dagoela ziurtatzeko eta ibilaldietan sortu direnak tratatzeko.

Berrietara itzultzea