MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Ekimena Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako Elkargo profesionalekin batera garatzen ari den “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan gauzatu da.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) sentsibilizazio-bideo bat argitaratu du, euskal fisioterapeutek egunez egun pairatzen duten intrusismo profesionalaren arriskuez ohartarazteko, bereziki gogoan izanda fenomeno hau areagotu egin ohi dela udako sasoi honetan, han-hemenkako hondartzetan, kaleetan edota EAEko baimendu gabeko zentroetan agertzen diren ustezko masajisten eskutik. “Horrelako masajeak hartzen dituzten herritarrek, jakin gabe, kutsadurak eta infekzioak izateko arriskua dute, baita tetraplegia eragin dezaketen lesio larriagoak ere, Osasun Sailak aitortutako titulazio ofizialik ez duten pertsonei haien giharrak, hezurrak eta larruazala manipulatzen uzteagatik”, adierazi du Jon Herrero EFEOko Presidenteak.
Horren harira gogoratu du, arriskuak saihestu eta tratamenduak segurtasunez hartu ahal izateko, “osasun-arazoak zentro sanitarioetan eta fisioterapeutak bezalako profesionalen eskutik tratatu behar direla”. Hori dela eta, “herritarrei dei egin nahi diegu, egokituta ez dauden esparruetan eskaintzen diren masaje horiek eska ez ditzaten, alde batetik, masajeak hartzen dituzten pertsonen osasuna arriskuan jartzen dutelako, eta bestetik, askotan ingurumen eta garbitasun baldintza kaskarretan lan egitera behartzen dituzten “gezurrezko masajista” horien esplotazioa sustatzen dutelako”.
EFEOk agintariekin batera lan egiten du duela hainbat urtez geroztik, horrelako pertsonak harrapatu eta horien jarduna eteteko. “Alabaina, legean dagoen hutsune batez baliatuta, pertsona horiek aurrekaririk ez badute eta paperak behar bezala eginak badituzte, handik gutxira kalera irten eta lehengo jardueran jarrai dezakete; ondorioz, herritarrak kontzientziatzea da horrelako jokabideak saihesteko daukagun modu bakarra, jokabide horiek dakartzaten arriskuez ohartaraztea alegia, aurrerantzean eskatzen jarrai ez dezaten”, azaldu dute EFEOtik.
Zerrenda ofiziala webgunean
Bideo hau “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan gauzatu da, betiere osasuna profesional sanitarioen laguntzaz sendatzeak duen garrantzia herritarren artean ezagutarazteko asmoari jarraiki. “Profesional baten gaikuntzari buruzko zalantzarik izanez gero, gure webgunean (www.cofpv.org) kontsulta daitezke euskal fisioterapeuten zerrenda osoa eta EAEko baimendutako fisioterapia-zentro guztien zerrenda”, zehaztu du Jon Herrerok.
Elkargoak adierazi duenez, intrusismoa berealdiko gaitza da gizarte osoarentzat, eta jokabide arriskutsua lanbide sanitarioen kasuan. Fisioterapeutek prestakuntza egokia dute osasun-arazoak tratatzeko, titulazio ofizial baten bitartez. “Askotan, gure hirietan titulazio ofizialik eta prestakuntza egokirik ez duten masajistak agertzen dira. Guztion artean baztertu behar ditugu herritarren kalteko arriskuak dakartzaten jokabide horiek guztiak”, azpimarratu du euskal fisioterapeuten arduradun gorenak.