MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Fisioterapia dematofuntzionalak zimurrak, aknea, ebakiondoak, ildaskak edota zelulitisa kentzen laguntzen du eta osasun estetikoaren esparruan gehien aurreratzen ari den arloa da.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) larruazala zaintzeko –bereziki udan–kontseiluak sartu dituzte “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren ekaineko bideo-gomendioan.
Euskal fisioterapeutek bideo-kontseilu berri bat zabaldu dute gaur, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” delako kanpainaren barruan. Oraingo honetan, pazienteen artean gero eta sarriago erabiltzen den fisioterapia dermatofuntzionala delako modalitatea izan dute mintzagai. Egun, gero eta pertsona gehiago joan ohi dira fisioterapeutarenera larruazalaren mesedeko tratamenduren bat hartu eta zimurrak, aknea, ebakiondoak, ildaskak eta zelulitisa bezalako larruazaleko arazoak ezabatzeko. Hori dela eta, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako fisioterapeutekin batera, osasun estetikoko diziplina honek eskaintzen dituen aukerak argitu eta ezagutzera emateko bideo-gomendio hau landu dute.
Fisioterapiaren adar honek berealdiko bilakaera ona izan du azken urteotan, nahiz eta profesionalek 15 urte baino gehiago daramatzaten esparru honetan lanean. Larruazala dugu giza-gorputzeko organorik handiena. Bi metro koadro inguruko azalera du eta gorputza isolatzen duen geruza babeslea da, askotan merezi duen arretarik egiten ez diogun arren. Zorionez, azken urteotan, gizartea kontzientziatuago dago larruazala eta itxura fisikoa zaintzeak duen garrantziaz, eta horrek gero eta sarriago eta gero eta hobeto zaintzera bultzatuko du.
Fisioterapia dermatofuntzionalaren bidezko tratamendua
Gorputzaren babeslea den aldetik, larruazalak ebakiondoren bat utz dezaken marruskadura, eroriko edo zauriren bat izateko arriskua du. Ebakiondoen eraginez, larruazalaren sentiberatasuna areagotu edo hipersentiberatasuna sor daiteke, eta batzuetan, mugikortasuna mugatu edota mina eragin dezakeen malgutasun-galera ere gerta daiteke.
“Fisioterapeutak, profesional sanitarioa den aldetik, larruazaleko arrasto horiek saihesten lagundu ahal digu tratamendu espezifikoen bitartez, ebakiondoen ondoren larruazalak funtzio guztiak behar bezala berreskura ditzan, egunez egun larruazala zaintzeko gomendioak emateaz gain”, azpimarratu du June Ruiz Orcajo EFEOko presidentordeak.
Aknearen tratamendua da fisioterapiaren adar honetan gehien tratatu ohi den patologietako bat. “Aknearen tratamenduan, fisioterapeutok garrantzi handiko lana egin dezakegu dermatologei laguntzeko, estetizistek ezin egin dezaketena, profesional sanitarioak ez diren heinean. Estetizistek sakoneko tratamendua egiten dute larruazala higienizatzeko, baina fisioterapeutok laserraz, azidoez eta bestelako teknikez baliatzen gara gure tratamendu estetikoetan, betiere dermatologoek emandako jarraibideen arabera, aknea eragiten duen bakterioa deuseztatzeko”, zehaztu du euskal fisioterapeuten bozeramaileak.
Fisioterapia dermatofuntzionalaren eskaria nagusiki gorputzeko tratamendu estetikoekin lotuta dagoen arren, fisioterapeutek beste espezialitate batzuetako ebakuntzen zein istripuen ondorengo susperraldian ere laguntzen dute, ebakiondoen tratamenduaren bitartez. “Fisioterapiaz tratatutako ebakiondoak ia-ia guztiz desagertu ohi dira; lidefemak dituzten pertsonak ere tratatzen ditugu, eta kaltetutako gorputz-adarra maneiatzen laguntzen diegu”, gaineratu du June Ruiz Orcajok.
Larruazala zaintzeko gomendioak
Gorputzaren babesle bezala duen garrantziaren harira larruazalak etengabeko zainketak behar dituen arren, uda izan ohi da horretaz gahien kezkatzen garen sasoia irudi kontuagatik.
Hartara, larruazal-mota bakoitzari egokitutako SPFa duen eguzki-krema batez eguzkitik babesteaz gain, arreta handiz zaindu behar ditugu ebakiondoak, udan zein neguan, eta horretarako, eguzkiaren aurkako babesa erabili behar dugu ebakiondoaren hasierako bi hilabeteetan.
Elikadura ere funtsezko faktorea da larruazala zaintzeko, eta ondorioz, bizi-ohitura osasungarriei eutsi behar diegu, atseden egokia hartuz eta dieta osasuntsua eta orekatua eginez. Horrekin batera, ondo kontuan izan behar dugu gure larruazalaren hidratazio-premia, izan ere, ura edan eta antioxidatzaileetan aberatsak diren frutak eta barazkiak jatea ezinbestekoak da larruazal osasungarria izateko.
12 hilabete, 12 osasun-gomendio kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” Euskadi, Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako fisioterapeutek elkarrekin garatzen duten ekimena da. Hilean behin sare sozialetan, komunikabideetan eta beste hainbat euskarriren bitartez zabaltzen diren animaziozko film laburren laguntzaz, herritarrak kontzientziatu eta gorputz-jarrera okerrek eragindako lesioak prebenitzea da kanpainaren helburu nagusia.