HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2025 // 03 // 10 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



FISIOTERAPEUTEK SENIDEEI ETA ZAINTZAILEEI ZUZENDUTAKO DOAKO TAILERRA ANTOLATU DUTE MENDETASUN EGOERAN DAUDEN PERTSONEN MOBILIZAZIOARI BURUZ; MARTXOAREN 13AN IZANGO DA, TOLOSAN

2024ko amaieran, mendetasun egoera aitortua duten 1,5 milioi pertsona zeuden Espainian, 2023an baino ia 70.000 gehiago

Carles Salvadó fisioterapeuta ospetsuak emango du prestakuntza. Aditua da pazienteen mobilizazioen arloan eta ospe handia du Espainian eta Latinoamerikan

Tailerra Tolosako `Inmakulada Lanbide Ikastola´ ikastegian (Kondeko Aldapa 5 helbidean) izango da datorren martxoaren 13an (osteguna), 15:30etik 19:30era bitartean, eta mendetasun egoeran dauden pertsonen senideei eta zaintzaile profesionalei zuzenduta dago

Mendetasunaren Behatokiaren azken txosteneko datuen arabera, 2024. urtearen amaieran, mendetasun egoera aitortua duten 1.636.757 pertsona zeuden Espainian; hau da, 2023an baino 69.650 gehiago. Areagotze horrek agerian jartzen du gero eta behar handiagoa dagoela mendetasun egoeran dauden pertsonak artatzen dituzten profesionalak nahiz senideak prestatzeko eta laguntzeko. Testuinguru horretan, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) doako tailer bat antolatu du Tolosan datorren martxoaren 13an (osteguna). “Neurri eta zaintza klinikoak mendetasun egoeran dauden pertsonen mobilizazioan” izenburua izango du eta, esan bezala, zaintzaile profesionalei eta senideei zuzenduta egongo da. Ekitaldian tresnak eta ezagutza praktikoak partekatuko dira zaintzaren kalitatea hobetzeko eta lan hori egiten duten pertsonen lesioak prebenitzeko.

Tailerra datorren ostegunean izango da, martxoaren 13an, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola ikastegian, 15:30etik 19:30era bitartean. Jardunaldian zenbait alderdi gako landuko dira, hala nola mobilizazio-teknika seguruak, laguntza teknikoen erabilera, eta zaintzaileen gainkarga muskuloeskeletikoen prebentzioa.

Carles Salvadó, egitaraua eta izen-emateak

Carles Salvadó unibertsitateko irakasle eta fisioterapeuta ospetsuak emango du prestakuntza. Aditua da pazienteen mobilizazioen arloan eta ospe handia du Espainian, Frantzian eta Latinoamerikan. 25 urtetik gorako eskarmentua du osasunaren sektorean, eta mugikortasun-urritasuna duten pertsonak artatzeko programetan parte hartu izan du, zuzenean nahiz zeharka: irakaskuntzan aritu da, sektoreko profesionalentzako gaikuntzak eman ditu, eta industriarekin lankidetzan jardun du gailu medikoen hedapenean.

“Mendetasun egoeran dauden pertsonak gero eta gehiago dira. Horrenbestez, ezinbestekoa da arriskuak prebenitzea eta oinarrizko neurri eta zaintza seguruak aplikatzea arreta-premia bereziak dituzten pertsonak mobilizatzeko lanetan. Beharrezkoa da pazientearen eta zaintzailearen segurtasunaren arloko gomendioak eguneratzea, ekipamendua eta gailu klinikoak modu seguruan erabil daitezen. Mobilizazio on batek, pazientearen erosotasuna eta ongizatea hobetzeaz gain, zaintzailearen osasuna ere babesten du, beharrezkoak ez diren gainkargak eta lesioak ekiditeko”, adierazi du Salvadók.

Jardunaldian, bertaratuek ohe klinikoaren funtzioak behar bezala erabiltzen ikasiko dute, zaintzen ari diren pertsonaren posizioa eta konforta hobetzeko helburuarekin. Horrez gain, esfortzu fisikoa murrizteko modua ikasiko dute, postura-aldaketetan eta postura-zuzenketetan marruskadura ahalik eta txikiena izateko diseinatutako azaleren bidez. Ohearen altuera erregulatzearen garrantziari buruz hitz egingo dute, baita ohearen funtzio elektrikoen erabilerari buruz ere, pazienteak esertzean edo ohera sartzean modu seguruan laguntzeko, altxatzeko ekipamenduarekin zein ekipamendurik gabe. Gainera, pazientea eserita dagoela zutik jartzen laguntzeko teknikak praktikatuko dituzte, zutik jartzeko garabi aktiboak edo eskuzko gailuak erabilita, betiere pazientearen eta zaintzailearen segurtasuna eta ongizatea bermatuta.

EFEOk nabarmendu egin nahi du mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten profesionalei eta senideei prestakuntza ematearen garrantzia. Izan ere, mobilizazio egoki batek pazientearen ongizatea hobetzeaz gain, egunerokoan laguntzen dion horrek lesioak izateko arriskua ere murrizten du.

Tailerra doakoa da eta ez da aurretiaz izena eman behar. Edukiera bete arte hartuko dira parte-hartzaileak.

EFEOri buruz

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak 3.572 elkargokide ditu* (% 69 emakumeak eta % 31 gizonak) geografikoki banatuta (% 45,4 Bizkaian, % 39,4 Gipuzkoan eta % 14,7 Araban). EFEOren helburua da sektoreari eragiten dion indarreko araudiari buruzko informazio garrantzitsua eta eguneratua eskaintzea, baita aholkularitza berezitua ematea ere fisioterapiari lotutako gaietan, segurtasun-berme osoz lan egiten duen kolektibo lehiakorra izateko xedez.

*2024/12/31ko datuak

Berrietara itzultzea