HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2024 // 11 // 12 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



EUSKADIKO FISIOTERAPEUTEN ELKARGO OFIZIALAK EFEOKO URTEKO SARIEN LEHEN EDIZIOA OSPATU DU

Lehen urtean behingo ospakizuna azaroaren 8an izan da Donostian, eta horren helburua izan da ikusgarritasuna ematea arlo sanitarioan hain garrantzitsua den diziplina honek aurrera egiteko lan egiten duten profesionalei

Urteko fisioterapeutaren saria Miguel Muñoz-Cruzado y Barba doktoreak jaso du Osasun Sistema Nazionalaren osasun mentalaren estrategian fisioterapia integratzeko egindako lanagatik

1973an sortu zen Arantzazuko Gure Amaren Ospitaleko errehabilitazio-taldeak sari berezia jaso zuen bere ibilbide profesionalarengatik, anbulatorioko pazienteei eta ospitaleratuei emandako arreta integralarengatik eta fisioterapeuten etengabeko prestakuntzarekin duen konpromisoarengatik

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) EFEOko Urteko Sarien I. edizioa ospatu zuen Donostian azaroaren 8an. Aurretik antolatutako Fisioterapiako Euskadi Sarien eboluzioa da. Egungo sariek fisioterapia sektore sanitarioko funtsezko diziplina gisa ikusarazten eta garatzen laguntzen dutenen lana aitortzen dute. Zeremonian sektoreko ordezkari nabarmenek eta epaimahai profesional batek parte hartu zuten, Elkargoa buru zutela.

Ekitaldiaren hasieran 2024ko ikerketa-laguntzak eman ziren, EFEOk ikerketarekin duen konpromisoa adierazteko, Fisioterapiak aurrera egiteko oinarrizko zutabea baita. Hauek izan ziren saritutako proiektuak: Olalla Ondarraren lana, emakume mastektomizatuek duten diskriminazio-arriskuari buruzkoa; Ander Cervantesen azterketa, errealitate birtualari eta minaren kontrolari buruzkoa; eta Xabat Casadoren proiektua, min zerbikobrakiala duten pazienteetan eskuzko fisioterapiari erantzuteko profil somatosentsorialen bidezko sailkapenaren predikzio-balioari buruzkoa.

Horrez gain, Elkartasun Proiektuen beka lortu zuen Itsaso Olasagastik. Senegalen FisiosMundirekin batera egindako boluntario-laneko gastuak ordaintzeko erabiliko du dirua.

EFEOko Urteko Sarien I. edizioko sarituak

Lehenengo edizioan epaimahaiak fisioterapiako arlo ezberdinak barne hartzen dituen hiru kategoria nagusitan banatu zituen sariak. Arlo horiek komunikazio eta sentsibilizazio soziala zein lankidetza instituzionala eta lanbide bikaintasuna izan ziren, besteak beste.

Fisioterapiari buruzko komunikazio-lan onenean fisioterapiak duen garrantzia hedatzeko eta gizartea sentikortzeko lana nabarmentzen da.

Saria ETB2ko Quédate programak lortu zuen fisioterapian bizi den intrusismo sanitarioari buruzko erreportajeagatik, osasun publikoan izan ditzakeen arriskuak agerian jarri zituelako. Roberto Montalvillok, programako zuzendariordeak, taldearen izenean jaso zuen saria.

FisioLagun saria: sari honek fisioterapiaren arlotik kanpo dauden pertsona eta erakundeen arteko lankidetza aitortzen du. Olarainek jaso zuen saria, Pediatriako Fisioterapia Onkologikoko I. Jardunaldia antolatzeko emandako laguntzagatik, ekitaldia egiteko instalazioak eta baliabideak eskaini zituelako. Olaraingo zuzendari Idurre Altunak jaso zuen saria.

Urteko fisioterapeuta sariak omenaldia egiten dio fisioterapiaren arloan ikerketa, irakaskuntza edo aurrerapen praktikoan izandako lorpenengatik nabarmendu den profesional bati.

Miguel Muñoz-Cruzado y Barba doktoreak, Osasun Mentaleko Fisioterapeuten Espainiako Erakundeko (AEF-SM) presidenteak, lortu zuen saria, Osasun Sistema Nazionaleko Osasun Mentalaren Estrategian fisioterapia integratzeko egindako lanagatik. Hala, fisioterapia osasun mentalaren arloan sartu du 2022-2026 aldirako, eta hori lorpen handia da nahasmendu-mota horiek prebenitzeko programen garapenean fisioterapia barne hartzeko.

Omenaldiak eta esker on bereziak

Ekitaldian omenaldi berezia egin zitzaien fisioterapeuta erretiratuei, eta haien ibilbidea eta ekarpena aitortu egin zen. María Carmen Fernández Callejak omenaldi berezia izan zuen, ibilbide luzea egin baitu arlo publikoan Madrilgo eta Vitoria-Gasteizko ospitaleetan.

Azkenik, lanbide-ibilbidearen sari berezia Arantzazuko Gure Amaren Ospitaleko errehabilitazio-taldeak jaso zuen. 1973an sortu zen errehabilitazio-zerbitzu ezagun hori, eta aitzindaria izan da anbulatorioko pazienteei eta ospitaleratuei emandako arreta integralarengatik eta fisioterapeuten prestakuntza etengabearekin duen konpromisoarengatik. Jatorriz Arantzazu eraikinean zegoen, baina 2000. urtean Toraxeko egungo eraikinera lekualdatu zuten, zuzkidura aurreratua mantenduz, honako hauek dituenak: terapia okupazionala, hidroterapia, elektroterapia, gimnasioa, eta bulego espezifikoak Eskuko Drainatze Linfatikorako (EDL), neurologiarako eta bizkarrerako gimnasia-programetarako.

1985ean, ospitaleak Arantzazu Ospitalea izena hartu zuen, eta Osakidetzaren sareko kide bihurtu zen. Gaur egun, Donostia Ospitalearen antzera, eredu izaten jarraitzen du errehabilitazioaren eta fisioterapiaren esparruan.

Talde horren ordezkari gisa, honako hauek bertaratu ziren ekitaldira: Garbiñe Aizpurua, Laura Izaguirre Hortelano, Belén Ubierna, Beatriz Aparicio, Carmen Urdapilleta, Marisa Pérez Mallaina, Loly Peón, Ana Mari González, Maite Gómez Zapiain, Francisco Goicoechea, Idoia Sukia, María Jesús Echaniz, Mercedes Echeverría eta Miren Korpion.

EFEOri buruz

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala 3.402 elkargokide* (% 69 emakumeak eta % 31 gizonak) dituen elkargoa da, eta honela banatuta dago geografiari dagokionez: kideen % 46,4 Bizkaian, % 38,9 Gipuzkoan eta % 14,7, berriz, Araban. EFEOren helburua da sektoreari eragiten dion eta indarrean dagoen araudiari buruzko informazio garrantzitsu eta eguneratua eskaintzea, baita fisioterapiari lotutako arloetan aholkularitza espezializatua ematea ere, segurtasun-berme osoarekin lan egiten duen kolektibo lehiakorra izate aldera.

*(2023/12/31ko datuak)

Berrietara itzultzea