MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) Pediatriako Fisioterapia Onkologikoari buruzko I. Jardunaldia antolatu du urriaren 5ean, Donostian.
Topaketak estatuko eta nazioarteko adituak biltzen ditu minbizidun haurren tratamenduaren eta errehabilitazioaren arloko azken aurrerapenak aztertzeko.
Haur eta gazteen minbizia da estatuan adingabeen arteko heriotza- edo gaixotasun-arrazoi nagusia.
Datorren larunbatean, urriaren 5ean, Pediatriako Fisioterapia Onkologikoari buruzko I. Jardunaldia egingo da Donostiako Alberto Iglesias aretoan. Topaketa Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak antolatu du, SEFIPen (Sociedad Española de Fisioterapia en Pediatría) berme zientifikoarekin. Topaketak fisioterapeutentzat bakarrik izango da, eta estatuko eta nazioarteko adituak biltzen ditu pazienteen tratamenduaren eta errehabilitazioaren arloko azken aurrerapenak aztertzeko. Hitzordua, gainera, sektoreko profesionalentzako ikasketa- eta truke-gunea izango da.
Haur eta gazteen minbizia da estatuan adingabeen arteko heriotza-arrazoi nagusia, eta ohikoenak leuzemiak, linfomak, nerbio-sistemarekin lotutakoak eta tumore solidoak dira.
Haurren minbizian fisioterapia haurraren artapen integralerako funtsezko osagaia da; izan ere, eragin esanguratsua dauka haurrak tratamenduak iraun bitartean jasaten dituen eta haren etorkizuneko garapena baldintzatu dezaketen urritasun fisikoetan.
Hori horrela, jardunaldiaren helburu nagusia da fisioterapeutaren zeregina finkatzea pediatriako minbiziak lantzen dituzten diziplina anitzeko taldearen barruan, ezagutzak partekatzea eta sinergiak sortzea, tratamenduak hobetu eta terapiak paziente bakoitzaren premietara egokitu ahal izateko. Hitzordua fisioterapeuten, ikertzaileen eta paziente onkologikoen elkarteen arteko topagunea izango da.
Programa eta hizlariak
Jardunaldiko gaiak zenbait blokeren bidez landuko dira. Lehenengoan haurren onkologiari buruzko sarrera egingo da, eta, ondoren, “Frailty exacerbated by dexamethason” hitzaldia emango da. Bigarren blokean ospitale barruko fisioterapia landuko da, haurren patologia hematologikoei helduko zaie eta tumore-unitate zerebral pediatrikoei buruzko azterketa xehatua egingo da. Hirugarren blokearen ardatza ahalegin eta ariketa terapeutikoaren berrentrenamendua izango da, eta, amaitzeko, zainketa aringarriei eta dolu profesionalari buruzko saioa egingo da.
Jardunaldiko hizlari adituen artean dago Borja Recuenco Cayuela, Madrilgo Haurren Onkologia Elkarteko fisioterapeuta eta Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko Fisioterapia Onkologikoaren eta Zainketa Aringarrien Batzordeko kidea. Recuencok 13 urtetik gorako esperientzia dauka eta etxeko zainketa aringarrietan eta gaixotasunak eragindako familien akonpainamenduan espezializatu da. Jardunaldian Recuencok parte hartzeak nabarmentzen du pediatriako zainketa aringarriek duten garrantzia, arlo hori funtsezkoa baita haurren onkologiako fisioterapiaren ikuspegi integralaren barruan.
Programari buruzko informazio guztia: https://jornadaoncologiapediatricacofpv.com/
EFEOri buruz
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala 3.402 elkargokide* (% 69 emakumeak eta % 31 gizonak) dituen elkargoa da, eta honela banatuta dago geografiari dagokionez: kideen % 46,4 Bizkaian, % 38,9 Gipuzkoan eta % 14,7, berriz, Araban. EFEOren helburua da sektoreari eragiten dion eta indarrean dagoen araudiari buruzko informazio garrantzitsu eta eguneratua eskaintzea, baita fisioterapiari lotutako arloetan aholkularitza espezializatua ematea ere, segurtasun-berme osoarekin lan egiten duen kolektibo lehiakorra izate aldera.
*(2023/12/31ko datuak)