HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2024 // 06 // 11 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



EUSKADIKO FISIOTERAPEUTEN ELKARGO OFIZIALAK JARDUNALDI IREKI BAT ANTOLATU DU DONOSTIAN, FISIOTERAPIA ONKOLOGIKOAREN ZEREGINA EZAGUTARAZTEKO

Fisioterapiako doktore eta ikertzaile María de la Cabeza López Garzón granadarra, paziente onkologikoetan espezializatua, da hizlarien zerrendaburua

Helburua da ezagutaraztea fisioterapeutak minbiziaren eta haren tratamenduen ohiko albo-ondorioak, hots, minaren inpaktua eta nekea, murrizten lagun dezakeela heldu eta haurrengan

Topaketa ekainaren 14an, 19:00etan, egingo da Tabakaleran (Andre Zigarrogileen plaza 1, Donostia), eta publiko orokorrarentzat, familientzat eta pazienteentzat izango da

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) “Zer ekarpen egiten die fisioterapiak minbizidun pazienteei?” jardunaldia antolatu du. Ekainaren 14an egingo da, 19:00etan, Donostiako Tabakaleran. Topaketaren xedea da lantzea diziplina horrek nola murritz dezakeen heldu eta haurrengan minbiziaren eta haren tratamenduen ohiko albo-ondorioak, hots, minaren inpaktua eta nekea, askotan “normaltzat” hartzen direlako tratatzen ez direnak. Topaketa Andre Zigarrogileen plazako 1. zenbakiko 4. solairuan egingo da, eta publiko orokor, familiarteko eta pazienteentzat izango da, bai eta minbiziaren aurkako elkarteetako kideentzat ere.

Hizlarien zerrendaburua María López Garzón fisioterapeuta onkologiko ezaguna da. Fisioterapian doktorea da Granadako Unibertsitatean, Fisioterapia Eskuzko eta Inbasiboa Minaren Tratamendurako eta Disfuntziorako Master Propioa dauka, bai eta Fisiologia Integratiboko beste bat ere. Errehabilitazio onkologikoko talde bateko kidea da, 18 artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan eta 30 ekarpenetik gora egin ditu nazioarteko eta estatuko kongresuetan.

Min onkologikoa minbiziaren faseetan % 40ra arteko prebalentzia daukan ondorio bat da. Prozesua larritu ahala, % 70 eta % 90era arte igotzen da fase terminaletan. Nekea minbiziaren aurkako tratamenduen % 80an agertzen da albo-ondorio gisa, eta tratamendua amaitu ondorengo aste edo hilabeteetan ere ager daiteke.

Beste sintoma oso desatsegin batzuk neuropatiak eta zoru pelbikoaren disfuntzioak dira. Halaber, garrantzitsua da kontuan izatea mugitzeko nahasmenduak ere egon daitezkeela, erortzeko arriskua areagotzen baitute, batez ere adinekoetan.

Mito faltsuak

Fisioterapeuta onkologikoa diziplina anaitzeko talde baten parte da. Pazientearen gaixotasun-fasea, jaso dituen edo jasoko dituen tratamendu medikoak eta horien indikazioak eta kontraindikazioak ezagutzen ditu. Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta, gaixoaren baldintzetara egokitutako estrategia terapeutikoa egin dezake.

Jardunaldia, era berean, baliagarria izango da sinesmen oso zabaldu batzuk gezurtatzeko, besteak beste, honako hauek: edozein masaje-mota egokia da minbizidun pazientearentzat eta eskuzko drainatze linfatikoaren (EDL) teknika ezagutzeak ez du bihurtzen fisioterapeuta bat prozesu onkologikoetako aditu. Gainera, minbizia izateko arrisku handia duten pazienteentzako ariketa fisikoko programen berri emango da.

Euskadiko egoera

Eskuragarri dauden EUSTATen azken datuen arabera, EAEn urtero 13.500 minbizi-kasu diagnostikatzen dira (8.000 emakumeengan eta 5.500 gizonengan). Prostatako minbizia da gizonen artean ohikoena, eta ondoren, ondestekoa, biriketakoa eta maskurikoa. Emakumeen artean, intzidentziagatik, bularreko minbizia nabarmentzen da, eta ondoren, ondestekoa, biriketakoa eta umetokikoa.

Haur eta nerabeetan, minbizia bereizita landu behar da, aplikatzen diren tratamenduen ezaugarriengatik eta adingabean eta familiako ingurunean duen inpaktuarengatik. Intzidentzia aldatu egiten da adinarekin: 268,8/milioi da urtebetez azpikoetan, eta 133,9/milioi 10-14 urte artekoetan. Adin pediatrikoan, tumore ohikoenak hematologikoak eta entzefalokoak dira (kasu guztien % 62).

Berrietara itzultzea