MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
· Euskadiko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak estaldura ematen die garapeneko nahasmenduak edo horiek izateko arriskua duten 0 eta 6 urte arteko haurrei.
· Zailtasun neuromotorrak dituzten haurrentzako onurak tratamendu sanitario batetik haratago doaz; izan ere, haurrentzako fisioterapiak beste haur batzuekin harremana izateko aukera ematen die, eta haien ikasketa eta garapena errazten du.
· Gutxi gorabehera, 2022an Euskadin 4.000 haurrek jaso dute arreta goiztiarra.
Ekainaren 16an Arreta Goiztiarraren Eguna ospatuko denez, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) martxan jarri du “Haur‑fisioterapia zoragarria da” kanpaina. Horretarako, Euskadiko haurren fisioterapiako adituen eta Pediatriako Fisioterapiako Espainiako Elkartearen (SEFIP) laguntza jaso du.
Euskadiko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak estaldura ematen die garapeneko nahasmenduak edo horiek izateko arriskua duten 0 eta 6 urte arteko haurrei. Tratamendu espezializatu hori prestakuntza espezifikoa duten fisioterapeutek egiten dute, bai eta diziplinarteko talde batek ere (askotan talde horien kide dira logopedak, psikologoak eta gizarte-langileak), adingabearen familia-ingurunetik garapen neuromotorra sustatzeko.
Bizitzako lehenengo hilabeteak edo urteak une ezin hobeak dira fisioterapiako tratamendua aplikatzeko; izan ere, burmuinak plastikotasun neuronal handiagoa dauka eta gorputzean ez daude ezarrita zenbait patologiaren bigarren mailako deformazioak.
0 eta 6 arteko adin-tartean interbentzioa funtsezkoa da, ez soilik adingabearengan, baita familia-inguruan ere, horrek haurraren etorkizunean duen garrantzia izugarria delako. Ebidentzia zientifikoaren arabera, inguru naturalean oinarritutako esku-hartzea onena da. Familiek helburuak ulertu eta horietan parte hartu behar dute, alor horretan espezializatutako profesionalen laguntzarekin.
Haurren fisioterapiak mirariak egiten ditu
“Haur-fisioterapia zoragarria da” kanpainaren leloak ez ditu soilik fisioterapiako tratamenduaren onurak aipatzen, baizik eta haurraren bizitzarako eta gizartean integratzeko beharretarako dakartzan onura guztiak ere. Horrela, haren ikasketa, garapena eta autonomia sustatzen dira. Kanpaina horri buruzko informazio guztia eta erabiltzaileen testigantzak hemen aurki daitezke: https://lafisioterapiainfantilhacemaravillas.com/eu/
Gutxi gorabehera 0 eta 6 urte arteko haurren % 10ek garapeneko nahasmenduak iradokitzen dituzten zeinuak izan ahal dituzte, hau da, Espainian 250.000 mila haur artatu beharko lirateke.
Euskadiko haurren fisioterapiaren barruan, hiru zerbitzu publiko mota bereizten dira, esku-hartzea non egiten den eta esku-hartze motaren arabera: arreta goiztiarra, ospitale-zerbitzua eta hezkuntza-laguntzako zerbitzua.
OHARRA: Haur-fisioterapiako tratamenduetan esperientzia handia duten fisioterapeutek, pazienteek -non fisioterapiaren onurei buruzko testigantzak eman dituzte- eta EFEOak parte hartu dute kanpainan.Kanpainaren aurkezpenean Iban Arrienek, EFEOko presidenteak, Mirian Etxazarragak, SEFIPen (Pediatriako Fisioterapiaren Espainiako Elkartea) ordezkari gisa, eta Miren Moralesek, Zihararen ama -kanpainari lekukotasuna eman zionak-, hartu zuten parte.