HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2021 // 11 // 11 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Gizonek ere badituzte arazoak pelbis-zoruan, eta sintomak hobetu daitezke fisioterapiaren bidez

• Azaroko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainak azaltzen duenez, fisioterapiaren tresnek pelbis-zoruan arazoak dituzten gizonei laguntzen diete sintomak ezabatzen

• Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) adierazten du gizonen % 20k izan dezaketela gernu-ihesa, pelbiseko min kronikoa, barrabileko, zakileko edo iztaiko mina edo sexu-funtzioaren alterazioak

Euskadiko Fisoterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) gogorarazi du pelbis-zorutik eratorritako afekzioek ez dietela soilik emakumeei eragiten, gizonek ere izaten baitituzte. Beraz, gomendatzen dute fisioterapeutengana jotzeko, haiek baitira profesional egokienak sintomak murriztu eta ezabatzeko.

Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako bideo-gomendioaren hausnarketetako bat; kanpaina Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak sustatzen du Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Valentziako Erkidegoko, Kantabriako, Errioxako eta Aragoiko elkargo profesionalekin batera, eta azaroko gaia gizonen pelbis-zoruarekin lotutako sintomen tratamendua izan da.

Pelbis-zorua barrunbe abdominala inguratzen duten muskulu eta lotailuen multzoa da. Pelbis-organo guztiei (maskuria eta uretra, uteroa eta bagina eta ondestea) eusten diete, eta euren ohiko funtzionamendua ziurtatzen dute. Dinamikoa da eta gure mugimendura egokitzen da, baina beti tentsio egokiari eutsiz, organoei eusteko pelbisaren barruan. Pelbis-zorua ahultzen denean, pelbis-organoen funtzionamenduari eragin diezaioketen arazoak sortzen dira.

Ohiko iritziaren aurka, zeinak pelbis-zorutik eratorritako arazoak emakumeekin lotzen dituen, gizonen % 20k izan dezakete gernu-ihesa, pelbiseko min kronikoa, barrabileko, zakileko edo iztaiko mina, sexu-funtzioaren alterazioak edo ondestearen okupazio-sentsazioa, aurretik prozesu kirurgikoetatik igaro gabe.

Pelbis-zoruaren entrenamendu espezifikoa funtsezkoa da ondorio handiagoak ekiditeko, hala nola gernu- edo gorotz-ihesa eta pelbiseko mina. Adinarekin lotutako ahultzeaz gain, arazoak sor daitezke prozesu kirurgiko baten edo prostata-minbiziko erradioterapia-tratamendu baten ondoren.

Fisioterapiaren tresnek gizonei lagundu ahal diete sintomak murriztu eta ezabatzen, euren bizi-kalitatea hobetzeko.

Pelbiseko edo perineoko min edo molestiak bezalako sintomak agertzean, fisioterapeutarengana jo behar da banakako balorazioa egiteko, zalantzak argitzeko, beharrezko gomendioak emateko eta, beharrezkoa bada, tratamendu egokiena proposatzeko.

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina ekimenaren helburua da ohitura txarrek eragindako lesioak prebenitzea animazio-bideo labur batzuen bidez, zeinak hilero erreproduzitzen diren hainbat euskarritan, horien artean sare sozialak eta hedabideak.

Bideo-gomendioa hilero argitaratzen da elkargoaren YouTubeko kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCeQClaRDBOQKLyKmJUgRH7g

Berrietara itzultzea