MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Urriko ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak fisioterapia inbaditzaileari eta bere abantailei nahiz motei buruzko informazioa ematen du.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) adierazi du fisioterapia inbaditzailea teknika horretan behar bezala prestatutako fisioterapeutek aplikatu behar dutela.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) urriko ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainako bideo-gomendioan fisioterapia inbaditzailearen abantailak nabarmendu ditu, hau da, kontrakturen mina arintzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duen teknika.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak hileroko kanpaina hau Madril, Katalunia, Euskadi, Nafarroa, Galizia, Valentzia, Kantabria, Errioxa eta Aragoiko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalekin batera egiten du.
Fisioterapia inbaditzailea orratzak erabiltzean datza, larruazala gaindituz gorputzean eragile fisikoak aplikatzeko, baina farmakorik injektatu gabe. ATeknika, dirudienaren kontra, ez da mingarria, eta ondoez apur bat baino ez du sortzen.
Orratz bidezko tratamendua aplikatzeko modalitateen artean, urriko bideo-gomendioak azaldu duenez, ziztada lehorra eta elektrolisia edo elektroziztada nabarmentzen dira. Lehenengoan orratz bat erabiltzen da, estimulu bat sortzeko helburuarekin, mina eta kako puntuak (kontrakturak) kentzeko; bigarrenean, berriz, ehunean korronte elektriko bat aplikatzen da, minari eragiten diona, eta ehun batzuk konpontzen ditu, hala nola tendoiak.
Teknika horiekin batera, fisioterapeutek ekografia erabiltzen dute lesioaren puntu zehatza aurkitzeko. Ziztada lehorrek ondoez apur bat sortzen dute, muskulaturaren uzkurdura txiki bat eta, noizean behin, gihar-minaren antzeko zerbait. Elektrolisiak, aldiz, erredura txiki bat eragiten du tratatutako eremuan, eta kilika elektriko txiki bat. Bi kasuetan ondoez igarokorrak dira, eta denbora laburrean arintzen dira.
Bi teknika horiek behar bezala prestatutako fisioterapeutek aplikatu behar dituzte; izan ere, behar bezala egiten ez badira, nolabaiteko arriskua dakarte. Eta gainerako teknikekin gertatzen den moduan, egokiena teknika horiek konbinatzea da, kasu bakoitzerako egokiena dena bilatzeko.
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina ekimen bat da, eta bere helburua ohitura txarrek eragindako lesioak prebenitzea da, hilean behin hainbat euskarritan, besteak beste sare sozialetan eta hedabideetan, ematen diren animaziozko film laburren bidez.
Bideo-gomendioa hilero Elkargoaren YouTube kanalean argitaratzen da: https://www.youtube.com/channel/UCeQClaRDBOQKLyKmJUgRH7g
Berrietara itzultzea