MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
• Iraileko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainak gaixotasun arraro, kroniko eta hereditario horren berri ematen du. Espainian 3.000 pertsonak dute.
• Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) adierazi du fisioterapia oso garrantzitsua dela hemofilia duten pazienteek muskuluetan eta eskeletoan izan ditzaketen ondorioak tratatzeko eta pertsona horien mugikortasuna hobetzeko.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) ziurtatu duenez, tratamendu fisioterapeutikoak hemofilia duten pazienteen egoera fisikoa eta mugikortasuna hobetzen ditu, eta mina arintzen laguntzen die. Hemofilia gaixotasun arraro, kroniko eta hereditarioa da, eta Espainian 3.000 pertsona inguruk dute.
Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako bideo-gomendioaren hausnarketetako bat; kanpaina Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak sustatzen du, Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Valentziako Erkidegoko, Kantabriako, Errioxako eta Aragoiko elkargo profesionalekin batera, eta iraileko gaia hemofilia izan da.
Hemofilia intzidentzia txikiko sortzetiko gaixotasuna da, eta soilik gizonek izan dezakete. Odolaren koagulazioa nahasten du, ez baitaude behar adina proteina koagulatzaile.
Ebaki txikiak ez dira kezkagarriak izaten, baina gorputzaren barruko odol-galerek, bereziki belaun, orkatila eta ukalondoetan gertatzen direnek, mugikortasun txikiagoa izatea eragiten dute, eta, ondorioz, muskuluak ahuldu eta atrofiatu egiten dira.
Tratamendu fisioterapeutikoa oso garrantzitsua da gaixotasunak muskuluetan eta eskeletoan eragiten dituen ondorioak prebenitu eta tratatzeko, eta hemofilia duten pazienteen mina arintzen laguntzen du. Horrez gain, “hematoma desagertzea eta odola berriro xurgatzea errazten du, eta eragina dauka hanturazko prozesuan”, baieztatu du EFEOko presidenteorde June Ruizek.
Tresnak
Fisioterapiak ariketa terapeutikoak bezalako tresnak erabiltzen ditu gaixo horiekin, pazientearen egoera fisikoaren arabera euren behar espezifikoetara egokitutakoak, betiere hematologoak ezarritako tratamendu farmakologikoa aintzat hartuta.
Praktika gomendagarrien artean hauek nabarmentzen dira, besteak beste: zinesiterapia, termoterapia, elektroterapia, magnetoterapia, laserterapia, hidroterapia eta ultrasoinuak, kasu horietan pazientearen eta familiarren heziketak izaten duen rol handia ahaztu gabe.
Amaitzeko, hau dio Ruizek: “fisioterapeutaren figurak hemofilia duten pazienteen bizi kalitatea mantendu edo hobetzen laguntzen du, bizitza aktiboago bat sustatzearen bidez, baita gehienetan gaixotasun horren parte diren muskulu- eta artikulazio-konplikazioak prebenitu eta kudeatzen ere”.
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina izeneko ekimenaren helburua da ohitura txarrek eragindako lesioak prebenitzea animazio-bideo labur batzuen bidez, zeinak hilero ikusgai jartzen diren hainbat euskarritan (horien artean, sare sozialak eta hedabideak).
Bideo-gomendioa hilero argitaratzen da Elkargoaren YouTubeko kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCeQClaRDBOQKLyKmJUgRH7g
Berrietara itzultzea