MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” izeneko ekaineko kanpainak AEAren inguruan kontzientziatzea du helburu, gaitz neuromuskular hori baita Espainian ohikoena, eta, urtero, 900 kasu berri detektatzen baitira.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) aipatu du fisioterapiak, giharren uzkurtzea saihesteaz edo mina arintzeaz gain, arnas-sistema zaintzen ere laguntzen duela.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) ziurtatu du Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA) fase guztietan ariketa terapeutikoak planifikatzeak gaitz hori pairatzen duten pertsonen autonomia areagotzen duela eta gaixotasunari lotutako jarrerazko alterazioak eta minak arintzen dituela.
Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako bideo-gomendioaren gogoetetako bat. Kanpaina hori Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) antolatzen du, Madrilgo Erkidegoko, Aragoiko, Kantabriako, Kataluniako, Valentziako Erkidegoko, Galiziako, Errioxako eta Nafarroako elkargoekin batera, eta ekainekoaren helburuak dira, hain zuzen ere, gaitz hori pairatzen duten pertsonei laguntzea eta gaixotasun neuromuskular horren inguruan sentsibilizatzea, urtero 900 bat kasu berri erregistratzen baitira Estatuan.
AEA giharren ahultasunari lotuta egoten da eta progresiboki areagotu ohi da, paralisia sortu arte, gorputz-atal batzuetatik besteetara hedatzen den bitartean. Mugikortasunari eragiten dio, baita ahozko komunikazioari, irensketari eta arnasketari ere, baina ez du inongo ondoriorik zentzumenei, adimenari eta begietako giharrei dagokienez.
Fisioterapiak ezin du AEAk sortzen duen prozesu degeneratiboa lehengoratu edo saihestu, “baina nabarmen murrizten ditu mugikortasuna galtzearen ondorioak, gaitza pairatzen duten pertsonen autonomia ahalik eta hobekien mantentzeko lan egiten duen bitartean”, adierazi dute EFEOko kideek.
Lehen momentuan diagnosiak sinesgaiztasuna edo ikara sor dezakeenez, garrantzitsua da gaitzaren fase guztietan dauden pertsonei laguntzea eta arreta eskaintzea, jarrerazko alterazioak arintzeko eta giharren zurruntasuna eta mina murrizteko ariketa terapeutikoak planifikatuta, bideoan azaldu bezala.
Giharrak uzkurtzea saihesteaz eta jarreretatik eratorritako mina arintzeaz gain, fisioterapeuten lana da arnasketarekin lotutako zaintzaz arduratzea eta bizi-kalitatea mantentzen saiatzea, pertsona bakoitzaren muga funtzionalak gaixotasunaren faseetara moldatuta.
”12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren helburua da ohitura txarren ondoriozko lesioak prebenitzea, hilero, hainbat euskarritan (sare sozialetan eta hedabideetan, adibidez) argitaratzen diren animaziozko film labur batzuen bitartez.
Bideo-gomendioa hilean behin argitaratzen da Elkargoaren Youtubeko kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCeQClaRDBOQKLyKmJUgRH7g
Berrietara itzultzea