HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2021 // 05 // 11 - PRESAZKO OHARRA



Covid-a pairatu duten pertsonen birikien funtzioa hobetzeko arnasketa-ariketak

• Maiatzeko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainan proposatutako ariketak egiteak indarra eta erresistentzia handitzen ditu, arnasa hartzeko zailtasuna murrizten du, eta toraxaren malgutasuna eta mugikortasuna areagotzen ditu.

• Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) arnasketa mota hori egunean bitan egitea gomendatzen du.

Covid 19aren ostean arnasa hartzen ikastea da Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madril, Aragoi, Kantabria, Katalunia, Valentziako Erkidego, Galizia, Errioxa eta Nafarroako elkargoekin batera, maiatzeko "12 hilabete, 12 osasun-gomendio" kanpainaren bideo-gomendioan proposatzen duen helburua. Birika da gaixotasunak gehien kaltetzen duen organoetako bat, eta haren funtzioa murriztu egin daiteke. Hori dela eta, fisioterapeutek gomendatzen dute zenbait arnasketa-ariketa egitea, indarra eta erresistentzia handitzeko, arnasa hartzeko zailtasuna murrizteko, eta toraxaren malgutasuna eta mugikortasuna areagotzeko.

Euskal fisioterapeutek gomendatzen dute egunean bitan egitea honako arnasketa-ariketa hauek:

1. Arnasketa ezpainak zimurtuta ditugula. - Hartu arnasa sudurretik, eutsi aireari bi edo hiru segundoz, eta bota astiro ahotik, ezpainak zimurtuta, putz egitean bezala. Espirazio-denborak inspirazio-denborak baino luzeagoa izan behar du.

2. Sabel- edo diafragma-arnasketa. - Ahoz gora etzanda, hankak pixka bat tolestuta eta oinak lurrean jarrita; edo aulki batean eserita, bizkarra ondo jarrita eta oinak apur bat bereizita, jarri eskuak sabelaldean, hartu airea sudurretik birikak ahalik eta gehien bete arte, eutsi bi edo hiru segundoz, eta bota astiro ahotik Egunean bi aldiz egin behar da, hamar edo hamabost aldiz errepikatuz aldi bakoitzean.

3. Saihets-arnasa. - Bularraldea zabaltzeko ariketa hau ahoz gora etzanda egiten da. Hankak luzatuta edo eserita, jarri eskuak bularrean, arnastu emeki airea eskuetara eramanez, eta eutsi bi edo hiru segundoz. Bota airea, saihetsak pixka bat presionatuz, airea husten laguntzeko. Egunean bi aldiz egin behar da, hamar edo hamabost aldiz errepikatuz aldi bakoitzean.

4. Sekrezioak errazago kanporatzeko, espirazio motel bat egin behar da, ahoa irekita, albo batera etzanda, hankak tolestuta eta belaunen artean burko bat jarrita, edo eserita. Bost minutuz arnastu airea sudurretik, eutsi bi edo hiru segundoz, eta bota astiro birikak erabat hustu arte, ahoa irekita, kristal bat lausotu nahiko bagenu bezala.

5. Espirazioa presio positiboarekin: - Erabili botila bat edo 40 bat zentimetroko plastikozko tutu bat. Bete botila urez erdiraino, bete tutua hondotik 3 zentimetroraino, hartu arnasa sudurretik, eutsi aireari bi edo hiru segundoz, eta bota airea tututik putz eginez (uretan burbuilak eginbehar dira bost edo hamar minutuz). Errepikatu egunean bi aldiz.

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” ekimenaren helburua ohitura txarren ondoriozko gaitzak prebenitzea da, hilero, hainbat euskarritan (sare sozialetan eta hedabideetan, adibidez) argitaratzen diren animaziozko film labur batzuen bitartez.

Bideo-gomendioak hilero argitaratzen dira Elkargoaren YouTube-ko kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCeQClaRDBOQKLyKmJUgRH7g Berrietara itzultzea