MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Apirileko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainak fisioterapia-tratamendu iraunkor eta jarraitua gomendatzen du autismoa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) bideo-gomendio baten bidez nabarmendu du fisioterapiaren garrantzia gorputzaren eta orekaren kontrolean zein ukimenaren pertzepzioan arazoak tratatzeko gaixotasun hori duten pertsonengan.
Espainiako populazioaren ehuneko 1-1,5ek du autismoa. Diagnostiko konplexua dauka, eta beste sintoma batzuen artean zailtasun neuromotorrak agertzen dira kasuen ia erdian.
Hori dela eta, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (Madrilgo, Aragoiko, Kantabriako, Kataluniako, Valentziako Erkidegoko, Galiziako, Errioxako eta Nafarroako elkargoekin batera), apirileko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina baliatuko du autismoa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko fisioterapiak duen ahalmena azpimarratzeko: https://www.youtube.com/watch?v=J8DfvsvyktA
Autismoa garapenaren nahasmendu bat da; haren ezaugarri nagusiak dira komunikazio-arloko eta giza harremanetako ezberdintasun etengabeak, portaera-eredu murriztaile eta errepikakorrak, eta zentzumenak integratzeko eta prozesatzeko zailtasunak. Baldintza horren intzidentzia altua da mundu-mailan eta, gainera, ez du sendabiderik; pazienteen sintomatologia arintzeko terapiak besterik ez daude.
“Nahasmendu konplexua da aldakortasun klinikoa dela eta, ez soilik paziente ezberdinen artekoa, baizik eta pertsona bakoitzak denboran zehar duena. Horren adibide da gaitasun kognitiboen aniztasuna; izan ere, pazienteek adimen arrunta edo goi-mailakoa izan dezakete, baita desgaitasun larria ere”, adierazi du Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak.
Horrez gain, Fisioterapeuten Elkargoak apirileko bideo-gomendioan azaltzen duen moduan, autismoa duten pertsonek zailtasunak dituzte gorputza eta oreka kontrolatu eta ukimena hautemateko, eta, era berean, muskulu-tonuan eta mugikortasunean alterazioak dituzte, ibiltzeko zailtasunak dituzte, baita “askotan, eskailerak igo eta jaitsi edo idaztea bezain errazak diren mugimenduak zaildu egiten dituen” atzeratasun psikomotorra ere.
“Ez dago autismorako tratamendu miragarririk”, baieztatu dute fisioterapeutek, “baina, fisioterapiari esker, pertsona horiek dituzten aukerak azaleratu ditzakegu”. Edonola ere, tratamenduari ekin baino lehen, fisioterapia-tratamenduaren protokoloak hiru kontzeptu handi begietsi behar ditu:
1. Indibidualizazioa. Fisioterapiak autismoa duen paziente bakoitzaren arazoekin modu pertsonalizatuan egingo du lan.
2. Egitura. Ingurunea egokitu beharko da aurreikusi ahal izateko, komunikazioa errazteko eta helmuga argiak ezartzeko.
3. Intentsitatea eta orokortzea denboran mantenduko eta ohiko eremuetan egingo diren esku-hartzeekin.
Arazo motorrek autismoa duten pertsonak bizitza osoan zehar kaltetu ditzakete. Horrenbestez, beharrezkoa da haurrak direnetik ezartzea fisioterapia-tratamendua. Izan ere, haurtzaroan hobeto aprobetxatu daiteke garuneko plastikotasuna, baita autismoa duten pertsonen garapena, bizi-kalitatea eta gizarteratzea hobetu ere.
“Fisioterapia, diziplina anitzeko lantalde baten barruan, haurraren sistema neuroeskeletikoaren gaitasun osoa ateratzearen arduraduna da. Fisioterapeutak laguntza espezifikoa emango du behar bezala garatzen ez diren puntuetan, alterazio funtzionalak murriztu eta orekatzeko”, azaldu du June Ruiz Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteordeak.
Bideo-gomendioa hilean behin argitaratzen da Elkargoaren Youtubeko kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCeQClaRDBOQKLyKmJUgRH7g
”12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” ekimenaren helburua ohitura txarren ondoriozko gaitzak prebenitzea da, hilero, hainbat euskarritan (sare sozialetan eta hedabideetan, adibidez) argitaratzen diren animaziozko film labur batzuen bitartez.
Berrietara itzultzea