HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2021 // 02 // 09 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Fisioterapiak bi egun murrizten du gaixoen ZIUko egonaldia

• Otsailean, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bideo-gomendioa gaixotasunaren sintomak arintzera eta gaixotasunak irauten duen epea hobe kudeatzera dago bideratuta.

• Adierazita dagoenean, ZIUan dagoen gaixoak fisioterapeuta baten bisita izango du, arnasketa-gaitasuna hobetzen laguntzeko eta mugikortasunean ondoriorik ez izateko.

• Fisioterapiak sendatzeko epeak murrizten ditu (ZIUan bi egun gutxiagoko batezbestekoa), eta, horri esker, beste gaixo batzuentzat oheak libre geratzen dira eta osasun-sistemak aurreztu egiten du.

Covid-19ak sortutako pandemiaren hirugarren olatuaren ondorioz, zainketa intentsiboetarako unitateak (ZIU) gainezka egiten ari dira, eta egoera oso larria da; izan ere, bertan sartzen diren gaixoek etengabeko tratamendua eta zaintza behar dituzte bihotz-biriketako zailtasunengatik.

“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bideo-gomendioa egin dugu ZIUan dauden pertsona horiek gogoan genituela. Kanpaina hori Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Errioxako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Aragoiko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin elkarlanean gauzatzen du eta, otsailean, pazienteak lasaitzea eta gaixotasunaren sintomak arintzen laguntzea du xede: https://www.youtube.com/watch?v=hxLnE1TwUsU

Euskal fisioterapeutek oinarrizko bost jarraibide identifikatu dituzte:

1. Lehenik eta behin, egon lasai. Begi bistakoa dela uste arren, lasai egotea neurri garrantzitsuenetako bat da, baina zailenetakoa ere bai; izan ere, lasai egotea ezinbestekoa da ZIUan sartzeak sortu ohi duen antsietatea kontrolatzeko. Sartzen den pertsona ikaratuta egongo da duen egoeragatik, eta ezagutzen ez duen materialaz inguratuta egongo da.

“Funtsezkoa da urduritasuna kontrolatzea sintomak okerrera ez joateko. ZIU edo ospitale batean sartzen den gaixoa bere osasuna zainduko duen profesional-talde baten eskuetan egongo da, eta une oro jasoko du arreta, lehenbailehen eta baldintza onenetan sendatu dadin”, gogorarazi du EFEOko lehendakariorde June Ruizek.

Izan ere, ZIU bakoitzean medikuak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak eta zeladoreak daude eta, era berean, bertara doaz egunero 24 orduz pazienteak zaintzen dituzten fisioterapeutak eta beste profesional batzuk ere.

2. Argia izatea. Oso garrantzitsua da gaixoak dituen sintoma guztiak argi eta garbi adieraztea: mina, nekea, aire-faltaren pertzepzioa, etab. Horrela, profesionalek neurri egokiak hartu ahal izango dituzte.

3. Argibideak aintzat hartzea. Tratamenduak funtzionatu ahal izateko eta etengabeko zaintza ziurtatzeko beharrezkoak diren hainbat gailutara konektatuta egongo da pazientea, horien artean, pultsoximetroa, pertsona horrek oxigenoa nola aprobetxatzen duen neurtzeko gailua. Deserosoa izan daitekeen arren, gaixoak ezingo du gailua kendu bera zaintzen duten profesionalek erabaki arte. Gailuak monitore orokor batera konektatuta daude eta osasun-profesionalen taldeari ahalbidetuko diote gaixoaren egoera une oro aztertu ahal izatea.

4. Pazientzia. Askotan baliteke gaixoak arnasa hartzeko zailtasunak izatea. Kasu horretan, ziurrenik ahoz behera jarriko dute (teknika hori ahuspez jartzea deitzen da). Ez da erosoa, baina arnasa hobeto hartzea ahalbidetuko dio gaixoari, biriken aireztapena hobetzen baitu. Hori dela eta, garrantzitsua da pazientzia izatea eta ZIUko profesionalek emandako jarraibide guztiak aintzat hartzea.

5. Sedazioa. Gerta liteke gaixoak medikazio espezifikoa hartu behar izatea ahalik eta denbora gehien lo egoteko eta, horrela, eroso dagoela ziurtatzeko. Berriz ere, osasun-profesionalen taldean konfiantza izatea ezinbestekoa izango da, horrek erabaki onena hartu izanen baitu.

Fisioterapeuten laguntza.

Egun gutxi batzuetan, egokitzat jotzen denean, gaixoak fisioterapeuta baten bisita izango du, arnasketa-gaitasuna hobetzen laguntzeko eta mugikortasunean ondoriorik ez izateko. Une horretan bertan, fisioterapeutak irakatsitako ariketa guztiak egiteaz gain, zalantzak argitzeko eskatu ahalko zaio. Gutxi barru, pazientea hobeto sentituko da, eta nekea murriztu egingo da.

Fisioterapeutek gogorarazi nahi dute haien laguntzari esker gaixoek ZIUan egon behar duten denbora asko murrizten dela. “Batez bestez, gaixo bakoitzak bi egun gutxiago igarotzen ditu ZIUan; horri esker, osasun-sistemaren karga arintzen dugu eta egoera latzagoa duten pertsonentzako eta ZIUan sartu behar duten pertsonentzako lekua uzten dugu”, adierazi du EFEOko lehendakariordeak.

Berrietara itzultzea