MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Edizio honek Euskadiko fisioterapeuta guztiei sari bakarra ematen die, pandemian zehar egindako lan eredugarriagatik eta erakutsitako erantzukizunagatik
Entrega-ekitaldia bideo baten bidez egin da, fisioterapeuten kolektibo osoak jaso duena
COVID-19ak markatutako ezohiko testuinguru batean, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) erabaki du aurtengo “Euskadiko Fisioterapia Sarien” edizio berezia ospatzea, Euskadiko fisioterapeuta guztiak aintzatesteko, zoriontzeko eta eskerrak emateko pandemian egindako lan eredugarriagatik eta erakutsitako erantzukizunagatik.
Sari horiek, normalean sei kategoria izaten dituztenak eta profesional batzuei ematen zaizkienak osasun-diziplina honen garapen eta hedapenagatik, izaera berezia dute aurten, fisioterapeuten kolektibo osoa saritu baita.
Horrela, honako fisioterapeuta hauen lana aintzatesten da: zainketa intentsiboen unitateetan eta berpizte-unitateetan COVID pazienteekin lehen lerroan lan egiten dutenak, alor pribatuan lan egiten dutenak, ariketa terapeutikoak azpimarratu dituztenak funtsezko laguntza-elementu gisa, birusari buruzko dokumentazioa prestatzen parte hartu dutenak, Osakidetzako fisioterapia-taldeak, pazientea ahalduntzen jakin dutenak laster sendatzeko, adinekoekin eta desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten dutenak, Fisioterapia Graduko irakasle eta ikertzaileak, etorkizuneko belaunaldien prestakuntza bermatzen dutelako, eta arreta goiztiarreko eta hezkuntzaren arloko fisioterapeutak, haurrekin eta haien gurasoekin lan egiten dutenak.
EFEOrentzat sari horien banaketak inoiz baino zentzu handiagoa du nahiz eta ekitaldia sarean egin; pandemiak ez du eragotzi entrega-ekitaldia egitea Euskadiko fisioterapeuta guztiek jaso duten bideo baten bitartez.
“Fisioterapiak rol garrantzitsu eta esanguratsua izan du pandemian, eta horrela izaten jarraituko du. Bideo honekin Euskadiko fisioterapeuta guztien lan bikaina aintzatetsi nahi dugu, aktiboki parte hartzen baitute euren lan-esparrutik COVID-19aren eraginak arintzen. Eskerrak eman nahi dizkiogu gizarteari ere gure lanean jarritako konfiantzagatik”, adierazi du Iban Arrien EFEOko presidenteak.