HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2019 // 12 // 19 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Fisioterapiako V. Euskadi Sariak eman ditu

Sariek hainbat profesionalek azken urtean fisioterapiaren alde egin duten lana aitortzen dute.

Sarien artean, urteko fisioterapeutaren saria, fisioterapiako ibilbiderik onenaren saria eta ikerketa-lan onenari egindako aitortza daude.

Gipuzkoako Osasun Departamentuko lurralde-ordezkari Jon Etxeberria Cruz jauna eta Osakidetzako Erizaintza eta Fisioterapiako zuzendariorde-aholkulari Inmaculada Moro andrea aritu ziren zeremonialari gisa.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) Fisioterapiako V. Euskadi Sariak banatzeko ekitaldia egin zuen abenduaren 14an, urtean zehar hainbat profesionalek osasun-diziplina hau garatzeko eta zabaltzeko egindako lana aitortzeko.

Sariak sei kategoriatan banatu dira, eta Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren presidentetza buru duen epaimahai profesional batek eman ditu.

Ikerketa da fisioterapia garatzeko eta sendotzeko funtsezko motorretako bat, eta, hain zuzen, Ane Arbillagak jaso zuen Ikerketaren Saria, “Determinantes de completar y obtener respuesta a una intervención de 12 meses de actividad física en la enfermedad Pulmonar Obstructiva crónica: un estudio de cohorte” lanarengatik.

Urteko Fisioterapeuta Onenaren Saria ex aequo eman zitzaien lehen mailako arretan eta neurozientziaren esparruko ikerketan lan egiten duten Gaztela eta Leongo bi profesionali: Federico Montero doktore eta Miguel Ángel Galán. Bien proiektuak eta ikerketek agerian uzten dute beharrezkoa dela fisioterapia lehen mailako arretan sartzea.

Bestalde, Miren Arantza Zabalak irabazi zuen Ibilbide Profesional Onenaren Saria; sari horrek fisioterapiari emandako bizitza oso bat aitortzen du. Miren Arantza Zabalak 1976an ekin zion bere ibilbide profesionalari, Artxandako Zentro Intermutualean, eta ondoren Fisioterapiako buru bihurtu zen Galdakaoko Ospitalean. Irakaslea izan zen Bilboko Ospitale Zibilean eta Osakidetzan, eta Eusko Jaurlaritzaren Erizaintzako Prozeduren Eskuliburu Orokorra eta Galdakaoko Ospitaleko II. Plan Estrategikoa egiten lagundu zuen. Azken batean, bizitza osoa eskaini dio osasunaren eta fisioterapiaren arloari.

Gradu Amaierako Lan Onenaren Saria Iñigo Pérez Garcíak irabazi zuen, “Estudio de los Trastornos Músculo-Esqueléticos más comunes en músicos de orquesta” lanarengatik. Fisioterapiako Informazio Pieza Onenaren Saria, aldiz, Onda Vasca irrati-etxeak irabazi zuen, fisioterapiarekin lotutako zenbait alderdiri buruzko informazio bikaina emateagatik; izan ere, horri esker, euskal gizartearen zati batek fisioterapiaren dimentsio osoa hobeto ezagutzeko aukera izan du. Azken sari hori irrati-etxeko zuzendari Ángel Lópezek jaso zuen.

Azkenik, aurten kategoria berri bat ere izan genuen: Fisioterapiaren Enpresa Lagunaren Saria. Horren xedea da fisioterapian aritzen ez diren baina hori sustatzen duten euskal enpresei aitortza egitea. Aurtengoan, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak eskuratu zuen, EFEOko kanpainak babesten dituelako eta horiek zabaltzen laguntzen duelako. Elkargo horretako presidente Jon Ariñok jaso zuen saria.

Aipatzekoa da Gipuzkoako Osasun Departamentuko lurralde-ordezkari Jon Etxeberria Cruz jauna eta Osakidetzako Erizaintza eta Fisioterapiako zuzendariorde-aholkulari Inmaculada Moro andrea izan genituela zeremonialari. Horrek ondo erakusten du sari hauek gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla Euskadiko osasun-arloko agendan.

Berrietara itzultzea