MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
4 pertsonatik 1ek buruko osasuneko arazoren bat izango du bere bizitzan.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) hitzaldi bat antolatu du gizarteari jakinarazteko jarduera terapeutikoak zein eraginkortasun daukan herritarrei eragiten dieten gaitzei heltzeko orduan, besteak beste: depresioa, antsietatea eta elikadura-nahasmenduak.
Hitzaldia irailaren 21ean izango da, ostirala, 16:00etan EFEOren Bilboko egoitzan (Ibarrekolanda kalea 15), eta aldez aurretik izena eman beharko da elkargoaren webgunean www.cofpv.org.
Joan den irailaren 8an, Fisioterapiaren Munduko Eguna izan zen, eta, ospatzeko, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Orokorrak (EFEO), aurten, jarduera terapeutikoak herritarrei eragiten dieten gaitzei heltzeko orduan daukan eraginkortasunaren froga zientifikoak ikusaraztean jarri du arreta; adibidez, depresioan, elikadura-nahasmenduetan, eskizofrenia eta beste psikosi batzuetan, izaera-aldaketetan, dementzian, menpekotasun-jokabideetan eta antsietatean.
Europan ere ibilbide luze eta arrakastatsuak ziurtatzen du, besteak beste, Frantziak, Belgikak, Erresuma Batuak, Danimarkak, Norvegiak, Holandak eta Suitzak, baita Estatu Batuek, Australiak eta Kanadak ere. Dena dela, buruko osasunaren inguruko fisioterapia ez dago nahikoa ezarria Espainian; beraz, EFEOk dei egiten du herritarrei eragiten dieten gaitzei erantzuteko diziplinarteko taldeetan fisioterapeutak ere sartzeko, oinarrizko osagarri bat gehitzeko farmakologiari eta psikoterapiari.
Froga zientifikoek erakutsi dute fisioterapeuta batek agindutako eta ikuskatutako jarduera fisikoa tresna ezin hobea dela izaera psikosomatiko handiko gaitzei aurre egiteko, eragin positiboa baitu sortzen dituzten aldaketa fisiko eta fisiologikoak arintzen (insomnioa, apetiturik eza, arnas-gaixotasunen ondoriozko oxigenazio-arazoak, min kronikoa, giharretako kontrakturak…), eta, hala, gaixoen gaitasunak hobetzen ditu, eta haien bizi-kalitatea handitu.
Horregatik guztiagatik, EFEOk doako hitzaldi bat antolatu du, izenburu honekin: “Fisioterapia eta Buruko Osasuna". Maite Cenoz fisioterapeuta prestigiotsuak emango du (Buruko Osasuneko Fisioterapeuten Nazioarteko Erakundearen Espainiako ordezkaria da, eta Espainiako Buruko Osasuneko Fisioterapiaren- AEF- batzordeko kidea).
LEFEOk antolatutako buruko osasunaren fisioterapiaren hitzaldia irailaren 21ean izango da, ostirala, 16:00etan, EFEOren Bilboko egoitzan (Ibarrekolanda kalea 15), eta aldez aurretik izena eman beharko da elkargoaren webgunean: www.cofpv.org.
Buruko osasunaren fisioterapiaren helburuak
Farmakologiarentzako eta psikoterapiarentzako funtsezko osagarria denez gero, buruko osasunaren fisioterapiaren helburuak hauek dira: sasoi fisikoari eustea edo hobetzea, independentzia eta autonomia lantzea, jarduera faltagatik edo ohean denbora luzez egoteagatik eratorritako arazoak saihestea, tratamendu farmakologikoaren albo-sintomak murriztea, giharretako eta hezurretako sintomak txikitzea, buruko gaitzak dituztenen bizi-kalitatea hobetzea, gaixoen ongizate fisikoa tratatzea eta bultzatzea eta gaixoen, senideen eta zaintzaileen osasun fisikorako hezkuntza sustatzea.
Buruko gaixotasunen prebalentzia eta intzidentzia
Nahiz eta bere adierazpenak askotarikoak izan, buruko gaitzak, oro har, pentsamenduetan, emozioetan, jokabidean eta besteekiko harremanetan gertatutako aldaketa multzo bat dira. Besteak beste, depresioa, gaitz afektibo bipolarra, eskizofrenia eta beste psikosi batzuk, dementzia, urritasun intelektualak eta garapen-gaitzak, autismoa adibidez.
Luzerako giharretako eta hezurretako gaitzekin batera, gaixotasun-bajen kausa nagusietako bat dira. Alde horretatik, nabarmendu behar da berriki argitaratutako ikerketa epidemiologikoek adierazten dutela pertsona batek buruko osasuneko gaitz bat jasateko aukera (4tik 1) gerrialdeko minen bat jasateko aukeraren bikoitza dela (10etik 1).
Buruko gaitzek sufrimendu handia eragiten dute, haurren ikasteko gaitasuna zaildu eta sufritzen dituztenen bizitzan nabarmen eragin. Gainera, urritasunak eta behar baino lehenagoko hilkortasuna (suizidioa dela-eta) eragiten dituzte zenbaitetan, eta sufritzen dituztenen bakartze soziala.
Prebalentzia handituz doa (kalkulatzen da 6 pertsonatik batek jasan duela buruko arazoren bat azken astean), eta horrek eragin handia du pertsonen osasunean, eta ondorio larriak maila sozioekonomikoan eta herrialde guztietako giza eskubideen esparruan. 4 pertsonatik 1ek buruko osasuneko arazoren bat izango du bere bizitzan.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) “XXI. mendeko epidemiatzat” du depresioa; buruko gaitzen artean gehien agertzen dena da, eta desgaitasun-kausa nagusietako bat da mundu osoan. Mundu-mailan, mundu osoko 300 milioi laguni baino gehiagori eragiten dio, eta prebalentzia handiagoa du emakumeengan gizonengan baino. Espainian, 2015eko zifrek adierazten dute 2.408.700 biztanleri eragiten diotela guztira (herritarren % 5,2ri).
Psikosien artean, eskizofrenia buruko gaitz larri bat da, mundu osoko 21 milioi pertsonari eragiten diona. Nerabezaro bukaeran edo helduaroaren hasieran agertu ohi da.
Munduan, dementzia jasaten duten 47,5 milioi pertsona daude; gaitz hori kronikoa eta progresiboa da, eta funtzio kognitiboa (hau da: pentsamendua prozesatzeko gaitasuna) zahartze normalaren ondoriotzat har daitekeena baino gehiago hondatzeak bereizten du.
Garapeneko gaitzei dagokienez, autismoa adibidez, haurtzaroan azaltzen dira, eta helduarora arte irauten dute; disfuntzio bat edo nerbio-sistema zentralaren heltzean atzerapena eragiten dute. Oro har, ez dira arintze- eta berragertze-aldiak izaten, beste buruko gaitz askotan bezala, baizik eta patroi jarraitu bati jarraitzen diote.
Kausak
Buruko osasunaren eta buruko gaitzen determinatzaileek ez dauzkate ezaugarri indibidualak bakarrik (gure pentsamenduak, emozioak, jokabideak eta besteekiko harremanak kudeatzea eta halakoak), baizik eta baita faktore sozialak, kulturalak, ekonomikoak, politikoak, ingurumenekoak, politika nazionalenak, gizarte-babesekoak, bizi-mailakoak, lan-baldintzak edo komunitatearen babes sozialak ere.
Buruko gaitzak eragin ditzaketen beste faktore batzuk dira herentzia genetikoa, elikadura, infekzio perinatalak eta ingurumen-arriskuekiko esposizioa.
Osasun-sistemaren baliabideak
Osasun-sistemek ez diote erantzun egokirik eman oraindik buruko gaitzen kargari, eta desadostasun handia dago mundu osoan tratamenduaren beharraren eta ematearen artean. Diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten herrialdeetan, buruko gaitz larriak dituztenen % 76 eta % 85 bitarte pertsonak ez dute tratamendurik jasotzen; diru-sarrera handiak dituzten herrialdeetan ere zifra altua da: % 35 eta % 50 artean.
Arazoa konplikatu egiten da tratatutako kasuek jasotzen duten arretaren kalitate txarra dela-eta.
Espainian, substantziak desegoki erabiltzeak eragindako gaitzak kenduta, kalkulatzen da herritarren % 9 inguruk gutxienez buruko gaitz bat duela egun, eta % 15 baino gehiagok jasango dutela beren bizitzan.