HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2015 // 05 // 18 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Erorikoak dira 65 urtetik gorako pertsonen arteko lesio-eragile nagusiak, eta gutxienez % 30 urtean behin erortzen da

Euskal fisioterapeutek ziurtatu dutenez, eroriko bat izan duten adin aurreratuko helduek bizpahiru aukera gehiago dute urtebeteko epean berriro erortzeko

EFEOk adinekoek erorikoak saihesteko kontuan izan beharreko jarraibideak bildu ditu “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bideo berri batean

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako elkargoekin batera, adineko pertsonek erorikoak saihesteko gogoan hartu beharreko gomendioak bildu ditu, lesioak prebenitzeko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren maiatzeko bideokontseiluan, erorikoak baitira 65 urtetik gorako pertsonen arteko lesio-eragile nagusiak.

Gainera, euskal fisioterapeutek ziurtatu dutenez, eroriko bat izan duten adin aurreratuko helduek bizpahiru aukera gehiago dute urtebeteko epean berriro erortzeko, eta adinekoen ospitaleratzeen zergatiei erreparatuta, erorikoekin lotutako lesioak bost aldiz ohikoagoak izaten dira bestelako lesioak baino. Era berean, 65 urtetik gorako pertsonen % 30 eta 80 urtetik gorakoen % 50, gutxienez urtean behin erortzen dela azaldu dute.

Horren haritik, June Ruíz Orcajo EFEOko presidenteordeak nabarmendu duenez, eroritako adinekoen % 25ek mugikortasuna eta independentzia murrizten dizkieten lesioak izan ohi ditu. Horrela, “hiltzeko aukeraz gain, pertsona hauek bizitza osorako desgaitasunen bat izateko arriskua edota laguntza sozio-sanitario handiz gainditu beharreko errehabilitazio gogor bati aurre egiteko premia” izan dezaketela gogoratu du.

Ruíz Orcajoren esanetan, aldakako, belauneko nahiz hankaren barrualdeko hausturak dira hirugarren adineko lesiorik ohikoenak, baita zauriak bezalako azal gaineko lesioak eta burezur-garuneko traumatismoak ere. Hori dela eta, lau autonomia erkidegoetako fisioterapeutek bat egin dute adinekoei erorikoak saihesten lagun diezaieketen gomendioak plazaratzeko.

Erorikoak saihesteko prebentzioa

Honela, etxean erorikoak saihesteko, fisioterapeutek alfonbrak eta igarotze-guneetan egon daitezkeen aulkiak, aldizkaritegiak, aterki-ontziak eta bestelako oztopoak kentzea gomendatu diete adinekoei, etxean argiztapen ona mantenduz, etxe barruan ere zola ez-labaingarria duten oinetako itxiak eta makila, makulua edo betaurrekoak erabiliz, pasilloetan eta dutxetan barrak jarriz eta tele-laguntza kontratatuz, nahiz eta horren premiarik ez dagoela pentsatu.

Era berean, eroriko bat gertatzekotan, lehenik eta behin, eroritako pertsona lasaitu behar da altxatu baino lehen. Hasierako ezustekoa igarota, gorputza alde batera biratu, hankak tolestu eta ukondoa zoruan kokatu jaikitzeko, edota lau hankan jarri eta eskuen laguntzaz altxatu. Gainera, ondoan altzari astunen bat egonez gero, horri hel dakioke jaikitzeko.

Bestalde, erori den adineko pertsona baten ondoan bazaude, onena eroritakoa lasaitu arte itxarotea duzu. Behin lasaitutakoan, minik ote duen egiaztatu behar da, batez ere aldakan, eta ondo begiratu hanka kanporantz biratuta ote dagoen, aldakako hausturaren seinale izan baitaiteke. Haustura dagoela susmatuz gero, 112ra deitu, eta bestela, pertsona alde batera birarazi eta, jaikitzeko, hankak tolestu eta ukondoa zoruan finka dezala esaiozu.

Azkenik, euskal fisioterapeutek gogoratu dute sasoian egotea dela erorikoak saihesteko erarik onena, eta horretarako, egun-egunero ibiltzea gomendatu diete adineko pertsonei, tarteka belaunak jaso eta pauso handiak eta txikiak ematea bezalako ariketak eginez; eserita daudela kudrizepsei eraginez (hankak txandaka luzatu eta jasoz) eta aulkitik altxatu eta eseriz behin eta berriz.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) 2.000 profesional baino gehiago biltzen ditu autonomia erkidego osoan.

Berrietara itzultzea