HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2019 // 10 // 17 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Fisioterapiak menopausiaren sintomak murrizten ditu

Urriko "12 hilabete, 12 osasun-gomendio" kanpainak menopausia duten emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko fisioterapiak duen balioa azpimarratzen du

Menopausiaren Mundu Eguna dela eta, fisioterapeutek fisioterapia pelbiperineologikoa, gimnasia hipopresiboa, biofeedback-a edo elektroestimulazioa gomendatzen dituzte prozesu natural horren erasanak arintzeko

Fisioterapia pelbiperineologikoko, gimnasia hipopresiboko, biofeedback-eko edo elektroestimulazioko teknikek murriztu eta, kasu batzuetan, ezabatu egiten dituzte menopausiarekin lotutako sintomak, hala nola beroaldiak, palpitazioak, zorabioak, lo-arazoak, aldarte-aldaketak edo buruko minak, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren (EFEO) arabera.

Horixe da "12 hilabete, 12 osasun-gomendio" kanpainako urriko bideo-gomendioaren gogoetetako bat. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak kanpaina hori honako hauekin batera egiten du: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Kantabriako Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Hilabete honetan, menopausia duten emakumeen bizi-kalitatean fisioterapiak dituen onuren berri emango dute: https://www.youtube.com/watch?v=Y1DA4snUyPo

Gaur, urriaren 17an, Menopausiaren Mundu Eguna dela eta, euskal fisioterapeutek gomendatzen dute fisioterapeuta batengana joatea prozesu natural horren ezaugarri den sintomatologia arintzen laguntzeko. Prozesu horrek aldaketa fisiologikoak, metabolikoak eta hormonalak ekartzen ditu. "Emakume askok ez dakite fisioterapia lagun izan dezaketela beren bizi-kalitatea hobetzeko, eta, ildo horretan, uste dugu informazioa izanez gero, osasuna eta ongizatea ekarriko duten jokabide-ereduak sor daitezkeela", adierazi du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren presidenteorde June Ruizek.

Halaber, bideoan azaltzen da fisioterapiak beste sintoma batzuetarako ere balio duela, hala nola gernu-ihesetarako, bagina-lehortasunerako, sexu-harremanetan izan daitekeen minerako, idorrerirako eta uzki-esfinterreko ihesetarako.

"Menopausia ez da gaixotasun bat, 45 eta 55 urte arteko emakume guztien prozesu natural bat da", azpimarratu du Ruizek, eta hau nabarmendu du: "emakumearen bizitzan aldaketa horrek dakartzan deserosotasunak murrizteko erabil ditzakegun baliabide guztiak jarri behar ditugu eskuragarri".

Berrietara itzultzea