MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Urriko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainak azpimarratu nahi du fisioterapiak zer-nolako eragina duen bularreko minbizia duten pertsonen bizi-kalitatean.
Elkargoak adierazi du gero eta baliabide pribatu eta publiko gehiago daudela gaixotasun horren eraginpeko emakumeen esku eta haien zerbitzura.
Datorren astelehenean (urriak 19) Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna izango da, eta, horren harira, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) gogorarazi du garrantzitsua dela halako tumore bat duten pazienteekin ariketa terapeutikoa egitea kimioterapia- edo erradioterapia-tratamenduaren aurretik, bitartean eta ondoren.
Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren urriko bideo-gomendioaren gakoetako bat. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) hauekin batera egiten du kanpaina hori: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Errioxako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Hilabete honetan, fisioterapiak bularreko minbizia duten pertsonen bizi-kalitatean duen eragina azpimarratu dute. https://www.youtube.com/watch?v=BmQ9T4ly3iE
Ariketa terapeutikoa
Bideoan adierazten den moduan, tratamendu berriak gero eta eraginkorragoak dira eta detekzioa gero eta goizago egiten da, baina, oraindik ere, kaltetuek askotan ondorio fisikoak izaten dituzte kirurgiaren ondoren. Hain zuzen, une horretan, funtsezkoa da fisioterapeuta batek esku hartzea, gaixotasunaren ondorioz sortutako arazo hauek guztiak lantzeko: orbainen atxikidurak eta uzkurdurak, kontraktura muskularrak, mugikortasunaren eta indarraren galera, etab.
Hori horrela, EFEOko presidenteorde June Ruizek adierazi du mastektomia bat jasan duten emakumeek izaten duten ondorio ohikoenetakoa besoetako hantura dela. “Ebakuntzaren ondorioz, 10 emakumetik 4k izaten dute linfedema bat”, adierazi du. Horrez gain, ohartarazi du funtsezkoa dela nahasmendu kroniko eta progresibo hori fisioterapeuta aditu batek artatzea eta kontrolatzea, ahalik eta bilakaera txikiena izan dezan.
Linfedema bat tratatzeko, hauek guztiak konbinatu behar dira: eskuzko drainatze linfatikoko teknikak, konpresio-bendak edo benda neuromuskularrak, eta arnasketa ariketen eta ariketa aerobikoen aldizkako programa terapeutiko bat (gutxienez astean 150 minutu neurrizko intentsitatean, eta beste 75 minutu intentsitate handian, goiko gorputz-adarrak indartzeko eta suspertzeko).
Azkenik, Ruizek esan du bularreko minbizia duten pazienteentzako arreta sendotu egin dela eta gero eta baliabide pribatu eta publiko gehiago daudela gaixotasun horren eraginpeko emakumeen esku eta haien zerbitzura. Presidenteordeak hau gomendatu du: “jo zure fisioterapeutarengana edo eskatu arreta osasun-sistema publikoko linfedema-unitateetan”.
12 hilabete, 12 osasun-aholku´ kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina Madrilgo Erkidegoko, Kataluniako, Euskadiko, Nafarroako, Galiziako, Valentziako Erkidegoko, Kantabriako eta Errioxako fisioterapeuten elkargo profesionalen ekimena da. Helburu gisa du ohitura txarrek sortutako lesioak saihestea. Horretarako, animazioko film labur batzuk egiten dituzte eta hilean bat argitaratzen dute hainbat euskarriren bidez (sare sozialak eta hedabideak, besteak beste).