HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2016 // 07 // 14 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek nabarmendu dutenez, profesionalak dituzten baimendutako zentroetara jo behar da elektroestimulazio-ariketak egitera

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak gogoratu du, aldez aurreko osasun-arazoren bat egonez gero, elektroestimulazioa profesional sanitario batek gainbegiratu behar duela

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Espainiako Fisioterapeuten Elkargoen Kontseilu Nagusiak luzatutako ohartarazpenarekin bat eginik, elkargokidetutako fisioterapeutengana edo profesional sanitarioengana jotzeko premia nabarmendu du berriz ere, osasun-arazoei aurre egiteko gero eta sarriago erabiltzen diren elektroestimulazio-ariketak egin nahi izatekotan. “Entrenamendu fisikoko sistemetan, elektroestimulazio globalak ezagutza egokia duen profesional baten kontrola behar du. Horrez gain, aldez aurreko osasun-arazoren bat egonez gero, nahitaezkoa da profesional sanitarioen esku jartzea, era horretako ariketak egiteko”, adierazi du June Ruiz Orcajo EFEOko presidenteordeak.

Fisioterapeutak elektroestimulazioaz baliatzen dira pazienteen susperraldietan trofismo muskularra mantentzeko, mina arintzeko eta indarra berreskuratzeko. Alabaina, gehiegizko intentsitatea duen estimulu batek kalteak eragin diezaizkioke pazienteari. Hori dela eta, euskal fisioterapeutek argi utzi nahi izan dute, aldez aurreko patologiaren bat dagoenean, profesional kualifikatuek baino ez dutela estimulua dosifikatu eta entrenamendua kontrolatzeko gaitasuna, aplikatutako estimuluaren intentsitatera ongien egokitzen den ariketa fisikoa aukeratuz.

EFEOtik argitu dutenez, elektroestimulazioak, intentsitate handiko uzkurdura muskularra eragiten duenez gero, kreatinfosfozinasa (CPK) deritzon entzimaren mailak igotzen ditu, giltzurrun-gutxiegitasuna izateko arriskua areagotuz. “Ariketa fisikoarekin batera gehitzen denez gero, kirol entrenamenduaren biomarkatzailetzat jotzen da, baina gerora ekar ditzakeen efektuei erreparatuta, nahitaezkoa da profesionalek egitea”, azaldu du Ruiz Orcajok. Euskal fisioterapeuten bozeramailearen hitzetan, “honelako entrenamenduen aurretik, balorazio bat egin behar da balizko kontraindikazioak identifikatzeko, eta entrenamenduak anatomiari buruzko ezaguera sakonak dituzten adituek gainbegiratuta egin behar dira, mugimendu-puntua estimulatu eta kalte muskularrak saihesteko. Berriro diogu: aldez aurreko patologiaren bat egonez gero, ez du balio edozein profesionalengana jotzeak; profesional sanitario batek egin behar du”.

Baimendutako zentroak

Elektroestimulazioaren inguruan, sekulako gorakada gertatu da azken bi urteotan Estatu osoan, eta Euskadin ere hainbat zentro zabaldu dira azken aldi honetan. EFEOtik gomendio argia zabaldu dute: zentro batera joan aurretik, bertan profesional egokiak daudela egiaztatu, era horretako ariketak segurtasun osoz egin ahal izateko. Estatuan gertatu diren zenbait kasutan, pazienteak giltzurrun-gutxiegitasunak jota ospitaleratu behar izan dituzte, praxi desegokien ondorioz. “Aldez aurreko osasun-arazorik ez badago, honelako tratamenduetan trebatuta dagoen profesional batengana jo dezakegu aholku eske. Edozein patologia izanez gero, ordea, profesional sanitario batek gainbegiratu behar dizkigu elektroestimulazio-ariketa horiek”, nabarmendu dute EFEOtik.

Euskal fisioterapeuten iritziz, herritarren kontzientziazioa funtsezkoa da lanbide sanitarioetan dagoen intrusismoa baztertzeko. “Gure osasuna zaintzeko, elkargokidetuta dauden profesionalak lana behar ditugu, fisioterapeutak kasu, eta EFEOtik borroka egiten jarraituko dugu instrusismozko jokabideak saihesteko”, ziurtatu du June Ruiz Orcajok.

Euskal fisioterapeuten webgunean dagoen bilatzaileari esker, herritarrek Euskadin elkargokidetuta dauden 2.300dik gora profesionalak zein hiru lurraldeetan finkatuta dauden fisioterapia-zentroak aurki ditzakete. “Azkenik, gonbita luzatu nahi diegu herritar guztiei, han- hemenka gertatzen diren intrusismozko jokabide guztiak sala ditzaten”.

Berrietara itzultzea