HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2015 // 09 // 07 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek kanpaina berri bat abiarazi dute Fisioterapiaren Munduko Eguna ospatzeko, hainbat kolektiboren osasuna hobetzen lagun dezaketen “fisioplanak” sortuz

“Sasoian Euskadiko fisioterapeutekin” delako ekimenak hiru euskal hiriburuak bisitatuko ditu aste honetan, fisioterapiako profesionalek herritarrei patologien araberako aholkularitza emateko erabiliko duten karpa batez

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak kirolariei, adinekoei, eskola-ikasleei, lan sendentarioa duten pertsonei eta estresa pairatzen duteneoi zuzendutako fisioplan espezifikoak landu ditu

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) aste osoan EAEko hiru hiriburuak bisitatu eta kolektibo desberdinei osasuna zaintzen eta balizko patologiak saihesten lagunduko dieten plan espezifikoak landuko dituen “Sasoian Euskadiko fisioterapeutekin” delako kanpaina abiarazi du Fisioterapiaren Munduko Eguna ospatzeko (irailaren 8an). “Irailean, herritar asko gimnasioetara joaten dira, ikasturte berrian sasoian jartzeko asmoz. Hauei eta gainontzeko herritarrei zuzenduta, gogoan hartzeko moduko oinarrizko gomendioak landu ditugu, sasoian egon, osasuna zaindu eta balizko gaixotasunak ekidin ditzaten. Horren haritik, kirolariei, adinekoei, eskola-ikasleei, lan sedentarioa duten pertsonei eta estresa pairatzen dutenei zuzendutako prebentzio arloko gomendioak biltzen dituzten fisioplanak osatu ditugu”, adierazi du Jon Herrero EFEOko Presidenteak.

Euskadiko fisioterapeutek kalean banatuko dituzte fisioplan horiek, asteartean (irailak 8) Bilbon (Areatzako Zubia, FEVEren geltokiaren ondoan), asteazkenean (hilak 9) Donostian (Cervantes Plaza, Kontxako Pasealekuaren ondoan) eta ostiralean (hilak 11) Gasteizen (Posta Plazan) kokatuko den karpa baten laguntzaz. Ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da. Elkargokidetutako fisioterapeutek doako aholkularitza emango diete karpa hauetara inguratzen diren herritar guztiei, geroko lesioak saihesteko moduko ohitura egokiak irakatsiz. “Prebentzioa dugu fisioterapiaren helburuetako bat, eta guk argi ezagutarazi nahi izan dugu fisioterapeutak esparru honetan egiten duen lan garrantzitsua. Kanpaina honetarako, bost fisioplan eredu prestatu ditugu, baina herritarrak animatu nahi ditugu fisioterapeutarengana jo dezaten, askoz ere informazio zehatzagoa emango baitie norberaren egoera espezifikoaren arabera”, azpimarratu du Jon Herrerok.

Mugimendua sustatzea

Fisioterapiaren Munduko Eguna planeta osoan ospatzen da, profesional sanitario hauek pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko egiten duten lan garrantzitsuaz ohartarazteko asmoz. “Osasunaren aldeko mugimendua” lemapean, Fisioterapiaren Munduko Konfederazioak bizitza aktiboak patologia askoren prebentziorako duen garrantzia ezagutarazi nahi du. Euskadiko fisioterapeutek, nazioarteko mugimendu honekin bat eginik, kaleko ekintza antolatu eta herritarrei sasoian jartzen lagunduko dieten fisioplanak sortu dituzte. “Gure webgunean ere (www.cofpv.org) eskuratu ahal izango diren fisioplan hauetan, askok aintzat hartu ohi dituzten gomendioak bildu dira, adibidez kirolariek oporren ondorengo ariketak mailaz maila egin beharra, baina badira askotan kontuan hartzen ez diren bestelako gomendioak ere, hala nola, adineko pertsonei dagozkienak. Hauen kasuan, askoz ere garrantzitsuagoa ariketa behin eta berriz egitea ariketa asko egitea da, eta hobe da ariketa gutxi batzuk egun osoan egitea ariketa asko denbora-tarte laburrean egitea baino.

Fisioplan hauetako askok, lan sedentarioa duten pertsonei nahiz estresa pairatzen dutenei zuzendutakoek kasu, oporren ondorengo sindromea gainditzen eta lesio edo gaitz larriagoak saihesten lagun dezakete. Ezaugarri amankomuna dute guztiek: ariketa fisikoa egin eta bizitza aktiboa izateko premia.

Aurreko edizioetan bezalaxe, karpara hurbiltzen diren hiru hirietako bizilagunek % 10eko deskontu-bonua jaso ahal izango dute, ekimenarekin bat egin duten fisioterapia zentroetan erabil dezaten.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) autonomia erkidegoan elkargokidetuta dauden 2.200 fisioterapeuta baino gehiago biltzen ditu, eta aurtengoa bezalako kanpainen bitartez, fisioterapia gizarte osoari hurbildu eta fisioterapeuta tituludun batengana jotzearen garrantzia nabarmendu nahi du. “Profesional sanitarioak gara, eta gure lana egiteko derrigorrezkoa da unibertsitate-titulazio espezifikoa izatea”, adierazi du EFEOko presidenteak.

Berrietara itzultzea