MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak arnas fisioterapiarekin lotutako gidalerroak biltzen dituen dekalogo bat egin du elkargokideentzat.
Arnas patologiak tratatzearen helburua da COVID-19a gainditu duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzea.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) dekalogo bat egin du elkargokideei laguntzeko arnas fisioterapiako esku-hartzeak egiten COVID-19tik berreskuratzen ari diren eta ospitalean alta jaso duten pazienteei. Dokumentu horrek gomendioak eta oinarrizko gidalerroak biltzen ditu, grafikoki eta bisualki, profesionalei laguntzeko beren pazienteei azalpenak ematen.
Arnas fisioterapiako eta fisioterapia funtzionaleko tratamendua isolamenduko 14 egunak igaro ondoren has daiteke aplikatzen, betiere koadro klinikoa guztiz ebatzita badago. Gomendio orokorrak direnez, zehatz-mehatz jarraitu behar zaie pazientearen jarraipena egiten ari den mediku taldearen argibideei. Ez dira gomendio hauek aplikatu behar sintomak dauden bitartean, ezta ospitalean alta jaso baino lehen ere (pazientea ospitaleratuta egon bada).
Fisioterapeutek helburu orokor hauekin tratatu behar dituzte halako patologiak: arnasketa-patroia hobetzea; neke-sentsazioa murriztea; jariakinak kanporatzen laguntzea; biriketako konplikazioak prebenitzea; eta indarra, erresistentzia eta ariketarekiko tolerantzia hobetzea. Azken batean, helburu nagusia da bizi-kalitatea hobetzea. Paziente horiek askotan izaten duten mugikortasun-faltak eragin zuzena du muskuluetako indarrean eta bihotz-biriketako gaitasunean. Arnas muskuluek, giza gorputzeko gainerako muskuluek bezalaxe, muskulu-zuntzak dituzte, eta entrenatu egin daitezke beren indarra eta erresistentzia hobetzeko.
COVIDa izan duten eta arnasteko zailtasun arinak/moderatuak dituzten pazienteentzako ariketak
Epe motzera, helburua izango da egoera fisiko eta psikologikoa pixkanaka leheneratzea. Horretarako, ariketa aerobikoa egitea gomendatzen da, pazienteak ospitaleratu aurretik zuen ariketa egiteko gaitasuna berreskura dezan. Hona hemen adibide batzuk: martxa estatiko lasaiarekin hastea, eta ondoren pixka bat martxa indartsuagoarekin jarraitzea. Horrez gain, hauek ere egin daitezke: besoak eta enborra indartzeko ariketak, sentadillak, flexioak hormaren kontra edo lau hanketan… Hori guztia pertsona bakoitzaren egoera fisiko eta funtzionalera egokituta.
Prozesu larri/kritikoa gainditu duten pazienteentzako ariketak
Hauek izango dira arnas fisioterapiako esku-hartze nagusien oinarriak: pazientearen heziketa, ariketa aerobikoak, indartzeko eta entrenatzeko ariketak, jariakinak drainatzeko teknikak eta arnasteko teknikak. Ariketa fisikoa azken otordutik ordubete edo bi ordu igaro ondoren egingo da, eta erabiliko den materiala (paperezko musuzapiak) erabilera bakarrekoa izango da. Ariketa amaitu ondoren, eskuak ondo garbitu behar dira eta gela 5-10 minutuz aireztatu behar da. Tratamendua berehala etengo da pazientearen tenperatura 37 ºC-tik gorakoa bada, arnas sintomak eta nekea ez badira desagertzen atseden hartuta eta beste sintoma hauetakoren bat badu: opresioa bularrean, eztul larria, buruko mina, izerdia, ezegonkortasuna edo zorabioa.
Dekalogo hau zabalduta, EFEOk balioa eman nahi dio fisioterapiari, COVID-19aren pazienteak egunez egun eta prozesu osoan zehar artatzen ari diren profesional taldearen barruan.