MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Koronabirusak (COVID-19) kutsatutako pertsona-kopurua igo egin da (herritarrak eta osasungintzako profesionalak), eta Euskadin 300 pertsona baino gehiago daude isolamenduan, bai euren etxeetan eta bai ospitaleetako gelatan.
Bizitzen ari garen osasun-krisiaren egoerarekin bat datorren gomendioa da, eta modu proportzionalean erantzuten dio herritarren eta osasungintzako profesionalen segurtasuna eta osasunari lehentasuna emateko beharrari. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala (EFEO) kezkatuta dago “konfinamendu” egoera luzatuak izan ditzaken ondorioengatik, bai ospitaleko egonaldian zehar gelatik ez irteteko jarraibideengatik eta bai etxebizitza partikularretik ez irteteagatik.
Ikerketa askok lotzen dituzte mugikortasunik gabeko edo ohean etzanda emandako epe luzeak hainbat arazorekin; besteak beste artikulazioen zurruntasuna, indar muskularraren galera, arnasketa-arazoak, zirkulazio-arazoak, idorreria, azaleko ultzerak, gose- falta eta egoera mentalaren aldaketak (depresioa, antsietatea...) Horregatik, EFEOk jarduera fisiko terapeutikoarekin lotutako hainbat gomendio eman ditu “mugimendu mugatuaren” egoeran dauden pertsonentzat, haien aukeretara egokituta eta osasun- profesionalen jarraibideekin bat etorriz, ahalik eta aktiboen egoteko espazio eta baliabide mugatuekin.
Jarduera fisiko terapeutikoarekin lotutako gomendioak
Ohean ez egotea behar baino denbora gehiago. Ahal den neurrian, gaueko lo-orduak eta siesta errespetatzea.
Ondo hidratatu behar dugu, eta dieta eta kaloriak egokitu (gogoratu: jarduera gutxiago = energia-kontsumo txikiagoa = kaloria-premia txikiagoa).
Funtsezko lau gaitasun fisikoak lantzea: malgutasuna, abiadura, erresistentzia eta indarra.
Lau gorputz-adarrekin mugimendu aktiboak egitea, mina eragin dezaketenak ekidinda eta nekatzeko gaitasunera egokituta.
Eserita egonda, oinak mugitzea puntak igo eta jaitsiz, zirkuluak eginez edo letra edo zenbakiak irudikatuz airean. Horrekin batera, besoak noranzko ezberdinetan mugitzea, eta enborra aurrera, atzera eta aldeetara egonkortzea. Objektuak hartu eta mugitzea, pisu gehiago edo gutxiagorekin, eserita gauden bitartean.
Aulki batetik altxa eta berriro esertzea hamabost edo hogei aldiz jarraian, hanketan indarra ez galtzeko eta baldintzapena hobetzeko.
Aukera izanez gero, gela barruan edo etxebizitza barruan oinez ibiltzea, 5 minutu inguru ordu bakoitzean, pazientea zutik dagoen bitartean.
Espazio murriztuak ez badu mugitzeko aukera handirik ematen, aukera on bat da “martxa simulatua”; hau da, lekuan oinez ibiltzea mugitu gabe, belaunak txandaka igoz.
Aulki txiki bat, pilatutako hainbat liburu edo edozein objektu erabiltzea maila moduan, eskailerak igo eta jaisteko mugimenduak simulatzeko.
Besoetako muskulu-tonua mantentzeko, egin flexio batzuk hormaren kontra. Jarri zutik hormaren aurrean, hankak hormatik bereizita. Jarri bi eskuak hormak, ukondoak tolestuta dituzula, eta egin bultza hormari, ukondoak luzatu arte.
Hormaren kontra jarrera hori bera duzula, igo eta jaitsi bi orpoak, belaunak tolestu gabe.
Halakorik jakinez gero, egin pilatesa, ariketa abdominal hipopresiboak, yoga eta antzekoak.
Dantzatzeak ongizate fisiko eta mentala dakar: muskulu-tonua, koordinazioa, oreka eta bihotz-biriken erresistentzia hobetzen ditu, besteak beste.
Erabili ariketak egiteko oinarrizko teknika eta tresnak, hala nola zinta elastikoak, halterak, bizikleta estatikoak, oinez ibiltzeko zinta, step maila...
Laburbilduz, EFEOk azpimarratzen du denbora luzez mugimendua mugatzeak desgaitasunak ekar ditzakeela, indarraren edo funtzioen galeragatik. Ariketak baldintza arruntetan egiteko tokirik eta bitartekorik ez izatea ezin da bilakatu ondorio kaltegarri horiek saihesteko oztopo gaindiezina. Ondorioz, gelan edo etxean aktibo jarraitzea gomendatzen dugu, aurretik lortutako gaitasunak ez galtzeko.