MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) dioenez, neurri berri horri esker euskal pazienteenganako arreta hobetu eta beste patologia batzuk prebenituko dira, eta jende gutxiago bideratuko da bigarren mailako arretara
Euskal fisioterapeutek urteak eta urteak daramatzate eskaera hori egiten, eta pozik daude programa pilotu bati ekiteko erabakiarekin
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala (EFEO) gustura agertu da fisioterapia Osakidetzako lehen mailako arretako zerbitzuetan txertatu asmo duen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren proiektuarekin. “Guztiz bat egiten dugu Osasun sailburu Jon Darponek egin duen iragarpenarekin, gure kolektiboak aspaldidanik egin duen eskaera bati erantzuten baitio”, azpimarratu du Jon Herrerok, EFEOko presidenteak.
Euskal fisioterapeutak sinetsita daude halako neurriek ondorio zuzena izango dutela euskal herritarren osasunaren eta bizikalitatearen hobekuntzan; izan ere, herritarrek askoz ere modu errazagoan eta bizkorrago jaso ahal izango dituzte fisioterapeuta profesional baten zainketak. “Fisioterapia lehen mailako arretaren barruan sartu duten leku guztietan, hobekuntza nabaria izan da osasunaren sustapenean eta prebentzioan, eta kostu asko aurreztu dira osasungintza publikoan; izan ere, paziente gutxiago bideratzen dira bigarren mailako arreta-sistemara, eta ez da kolapsorik gertatzen”, azaldu du Jon Herrerok.
EFEO prest agertu da Osasun Sailari bere baliabide guztiekin laguntzeko neurri hau proiektu pilotu baten bidez abiarazten, eta Osakidetzari gomendatzen dio kontuan har dezala eta babes dezala euskal osasungintza publikoan lanean ari diren fisioterapeuten iritzia. “Gustura asko bilduko gara beharrezkoa den aldi guztietan, fisioterapia eta errehabilitazioa indartzeko proiektuetan laguntzeko eta guk esparru horretan dugun esperientzia zabala partekatzeko. Uste osoa dugu fisioterapia integratzeak abantaila argiak ekarriko dituela prozesu honetan guztian, eta espero dugu gerora Osakidetzaren sare osora hedatzea”, Esan du EFEOko presidenteak.
Azkenik, euskal fisioterapeutek berriz oroitarazi nahi dute fisioterapiaren diziplina oso garrantzitsua dela patologiak prebenitzeko eta pazienteen osasuna eta bizi-kalitatea sustatzeko. “Prebenitzea aurrea hartzea da, hau da, patologien intzidentzia murriztea; horrekin batera, gainera, osasungintzako faktura gutxitzen da, eta arreta publikoa hobetzen”, esan du, amaitzeko, EFEOko presidenteak.